Gazetako bidea konpontzeko lanekin Ferixa Nausikoak amaitu eta segituan hasiko dira, baita herri-gunetik Lekeriketa auzorainoko espaloia jartzen ere. Halaxe azaldu du Niko Moreno alkateak.
Berriztik datorren BI-3321 errepideko azken zatitik Lekeriketa auzoraino (200 metro inguru) jarri gura du Udalak espaloia. “Pasiorako ingurua da hori, eta ez dago oinezkoentzako ezelako sarbiderik herri-gunera”, nabarmendu du Morenok. Lasuen enpresa arduratuko da lanok egiteaz, eta hilabetean izan beharko dituzte beharrak amaituta. Udalak 32.000 euro inguru bideratuko du obra horretara.
Gazetako landabidea ere Lasuenek konponduko du, eta 86.145 euroko aurrekontua izango du horretarako. Alkateak azaldu duenez, Urizarganeko baserritik Burgiñas baserrirainoko 800-900 metroko bide tartea zolatuko dute: “Bide-zorua hondoratzen dabil; gainera, alboko hegalak bide-zorura jausten ere badabiltza”, azaldu gura izan du alkateak. Azken lan horietarako kreditu erantsia onartu zuen udalbatzarrak, aho batez. Denera, 42.600 euro gehiago bideratu zituzten lanotarako.