Kurutziaga ingurua berrantolatu gura dute udal arduradunek, eta horretarako zabaldu berri dute lehiaketa irekia. Hirigintza lanak dira bertan egin gura dituztenak eta 340.676 euroko aurrekontua zehaztu du Udalak.
Hirigintza proiektua gauzatzeko sei hileko epea izango du lanen ardura hartzen duen enpresak, kontratuaren administrazio baldintza-partikularren agiriak batzen duenaren arabera.
Espaloiak zabaldu gura dituzte eta oinezkoentzako pasagunea egokitu. Argiteria berritu eta gehitu gura dute, eta lorategiak atondu ere bai. Autobus geltokia eta aparkalekua batzen dira Kurutziaga inguru horretan.
Niko Moreno alkateak argitu gura izan duenez, aparkalekua ere atondu gura dute udal arduradunek eta, horrekin batera, baita Otsa kaletik Kurutziagarako sarrera hobetu ere. Pabimentazioa aldatuko dute. Bestalde, autobus geltokia lehenago lez mantenduko dute eta markesina berria jarri txartelak saltzeko, azaldu dutenez.