Instalazio elektriko eta ur-hornidurarako hodi berriak jarriko dituzte, zolaketa aldatu eta argiteria eta hiri-altzariak jarriko dituzte. “Hiru hile eta erdi beharko dituzte lanak amaitzeko, baina, abuztua ere hor dago eta abendurako aurreikusi dugu amaituta egotea”, azaldu du Niko Moreno alkateak.

Urte hasieratik egon dira geldituta lanok, eta ekainean Jaurlaritzak obren kontratua bertan behera uztea “justifikatuta” zegoela aitortuta, zehapen prozedura martxan jarri zuen Udalak, Greyhound enpresarekin kontratua behin betiko etenez. Enpresari ziurtatutakoa ordaindu dio Udalak (380.000 euro); hala ere, obra hastean jarritako bermea bahitu zuen. Obra zuzendaritzagatik eta horrekin lotutako gastuengatik kalte-ordaina eskatzea onartu du Udalak.
Korta, probalekuan
Elizaldeko kirolgunean behientzako korta egokitzen hasi dira eta irailaren 1erako izango da prest. Herri Kirolen Federazioak idiak gordetzeko korta izatea eskatzen du ,eta horri erantzuteko hasi dituzte 26.700 euroko inbertsioa eskatuko duten lanak. Durangoko Ingukom enpresak dihardu horretan.