Ludoteka zerbitzua izango dute herritarrek datorren urrian hasita. Ikasturtearekin bat egingo du 3 urtetik 12 urtera bitarteko ume eta gaztetxoei zuzendutako udal ludotekak eta, oraingoz, Iturri jauregian izango du lekua. Arratsaldeetan egongo da zabalik aurten lehenengoz antolatutako ludoteka. Aurtengo aurrekontuak batzen du 20.000 euroko diru-atala zerbitzu barri horri begira.
Aisialdirako “alternatiba” eskaini gura dute ludotekaren bitartez. Hala azaldu du Niko Moreno alkateak: “Batez ere, neguan, plazan, udaletxearen arkupean edo elizpean egon beharren leku alternatiboa eskaini gura dugu. Ikasturteak irauten duen bitartean egongo da ludoteka. Gero udalekuak ere badaude”.
Gaineratu duenez, Gobernu Taldeak hartutako konpromisoetariko bat da udal ludoteka martxan jartzea: “Eskaera formalik ez dugu jaso, baina, jakin badakigu eta hala jaso da Hezkuntza eta Berdintasun batzordeetan, eskaera badagoela. Langile-denbora eta familia bateratzen laguntzeko aukera ere ematen du”.
Udalbatzarrak onartu du, aho batez, ludoteka erabiltzeagatiko ordenantza fiskala. Urgentziazko izaera adostuta onartu zen aho batez. Beraz, urtean 40 euro ordainduko dute erabiltzaileek. Izena emateko, irailaren bigarren hamabostaldian izango da aukera. Morenok azaldu duenez, kokalekuaren gaitasuna aintzat hartuta 100 bat umerentzako lekua izango du Ludotekak.
Inbertsioak Iturrin
Besteak beste, ludoteka ere egokitzeko hainbat inbertsio egingo ditu Udalak Iturri kultur etxean. Intsonorizazioak egiteko eta altzairu berriak eta apalategiak jartzeko 43.600 euro bideratuko dituzte: “Falta diren ekipamenduak egokitu gura ditugu”. Lanak albait arinen hasiko dituzte eta irailerako izango dira gertu.