Hiri-ordenazioko udal plan orokorrari buruzko partaidetza prozesua hasteko baldintzak zehaztu dituzte udal arduradunek. Irailean jarri gura dute martxan partaidetza prozesu hori, eta hori zuzendu eta dinamizatuko duen enpresa kontratatuko du Udalak. Baldintza orria onartu dute, 31.500 euroko aurrekontua ez eze.
Herritarrek parte hartuko duten lau mahai osatuko dira. Horretaz gainera, teknikoek osatutako adoste-mahaia: plana idatziko duen taldeko teknikoak eta prozesua gidatzeaz arduratuko direnak. Mahaiko batzar bi egingo dituzte eta, ondoren, adoste-mahaiak beste bi egingo ditu. Hor genero ikuspuntua eta euskararen presentzia hartuko dira kontuan, Niko Moreno alkateak azaldu duen moduan: “Mahaiotan parte hartu duten guztiek azken batzar baten parte hartuko dute eta hortik sortuko da udal-plan orokorraren idazte-taldeari helaraziko jakon agiria, ekarpenak batu ditzan”.
Aitatu dugun moduan, irailean hasiko da prozesua eta 11 astean egingo dute. Hori guztia dinamizatu zein kudeatzeko eta aholkularitza lanetarako enpresa kontratatzeko tramiteak hasi barri ditu Udalak.
Berrio-Otxoa
Bestalde, Bilboko Agustin de Breña arkitektoari (IMB estudiokoa) eman dio Udalak Balendin Berrio-Otxoa kaleko eta ingurukoen urbanizazio egitasmoa idazteko ardura; hiri-azpiegitura egitasmoak barne. Lau hileko epea izango du eta 58.000 euroko aurrekontua.