Kainabera gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) eskutik, denera 102 ume errusiar etorri dira aurten udaldia igarotzera Euskal Herrira. Durangaldeko familien etxeetan dagoz 25, eta 12 inguru Elorrion.
Ekainaren 18an etorri ziren, eta domeka honetantxe egingo dute ume errusiarron eta hartu dituzten familien topaketa Argiñetan. Halaxe azaldu du Kainaberako kide den Ainhoa Ugaldek. Jolasak, dantzak eta bazkaria izango dira bertan, besteren artean.
Irailaren 3an bueltatuko dira euren herrietara. Kandalaksha, Karelia eta Murmansk (Kola penintsula) edo Nizhnevartovsk-etik (mendebaldeko Siberia), Errusiako inguru behartsuenetatik etorritakoak dira gaztetxook, euren herrialdeetako muturreko klimaren eta kutsadura handiaren eraginez bizi duten egoeratik atseden hartuz. Kainaberak Errusiako umezurztegietako eta baliabide gutxiko familietako seme-alabentzako harrera egitasmoa abiatu zuela urteak dira, eta ehunka gaztetxo izan dira eskualdean gabon edo udako oporraldietan.