Udaleko hizkuntza-politikari dagokionez elementu positiboak aurkitu ditu Kontseiluak, euskara lehenesteari begira zer hobetu ere badagoela nabarmenduz. Horren aurrean, hizkuntza-politika hobetzeko eta egon daitezken gabeziak konpontzeko konpromisoa hartuz, Udalak ituna sinatu du Kontseiluarekin beharrezko laguntza teknikoa eskaintzeko borondatea adieraziz.
Elorriok 5,66 puntuko nota lortu du Kontseiluak egin barri duen hizkuntza-politikaren ebaluazioan.
Euskal Herrian aztertutako herrien artean 11. lekuan legoke Elorrio; Bizkaian aztertutakoen artean 5.enean. Euskal Herrian euskararen ezagutza tasa %70-80 duten herrien artean eere bosgarrena da Elorrio.
Indargune eta gabeziak
Arau-markoen existentzia eta horietan euskarari aitortutako lehentasunezko tratamendua nabarmendu ditu Kontseiluak agerraldian, jarritako baliabideak —tartean, euskararen aurrekontua—, euskara zerbitzu hizkuntza eta lan-hizkuntza izan dadin jarritako helburua eta komunikazioan nahiz hizkuntza paisaian euskara nabarmentzeko politika ez eze. Euskara sustatzeko politika, lan mundua eta merkataritza lako esparruetan zabaltzea ere nabarmendu dituzte.
Hobetu beharrekoen artean, Udalaren barne funtzionamendua nabarmendu dute, normalizazioan daukan eraginagatik. “Udalaren 10 ataletik hiruk baino ez darabilte euskara lan-hizkuntzatzat, eta hori lortzeko ipinitako hiru urteko epea ez da bete”. Kontratazio berrietan arau-markoak langile elebakarrak kontratatzea ahalbidetzen duela eta errotulazio zein komunikazioarekin lotutako hainbat arau ez direla betetzen ere gogoratu dute. Kanpo zerbitzu eta kontratazio denetan euskararen erabilera arautu behar dela uste du Kontseiluak, eta Udalak eratutako kultur ekimenetan euskararen presentziari arreta berezia jarri behar zaiola.
Udalen hizkuntza-politikaren lan-ildo berezitua 2005ean abiatu zuen Kontseiluak, udal administrazioetan eragin guran eta normalizazioaren bidean ahalik eta pausorik eraginkorrenak eman daitezen.