Ia milioi bat euro hainbat hirigintza egitasmorako

Anboto 2008ko eka. 16a, 16:24

Hainbat hirigintza-lan egin guran ia milioi bat euroko kreditu erantsia onartu du udalbatzarrak. 2007ko diruzaintzako gaindikinarekin lortu dute 945.100 euroko diru-atala. Aldatzekua Jauregian irisgarritan neurriak hartu gura dituzte, Kurutziaga ingurua berrantolatu eta Padura eta Julian Ariño arteko bidegurutzea konpondu, besteak beste.

Padura eta Julian Ariño kaleen arteko bidegurutzea konpontzeko, lan horietara bideratuko dute diru gehien udal arduradunek; 483.688 euro, hain zuzen ere. “Padura kaleko zati bat Nizeto Urkizu kaleko urbanizazio lanetatik kanpora geratu da eta hori konpondu gura dugu. Horrezaz gainera, Julian Ariño kalean espaloiak ere egokituko ditugu”, azaldu du Niko Moreno alkateak.

Kurutziaga ingurua berrantolatzeko, berriz, 230.897 euro erabiliko ditu Udalak. Bertako aparkalekua atondu gura dute eta, horrekin batera, Otsa kaletik Kurutziagarako sarrera hobetu be bai. Pabimentazioa aldatuko dute, Morenok argitu duen moduan. “Autobus geltokia lehen lez mantenduko dugu eta markesina berria jarriko dugu txartelak saltzeko”.

Aldatzekua jauregiak irisgarritasunarekin lotutako araudia bete dezan, 194.050 euro bideratuko ditu Udalak eta, besteren artean, igogailua jarriko dute.

Bestalde, Hiri-antolamendurako Plan Orokorra zehazteko partaidetza planera 15.000 euro bideratuko dituzte, eta Durangaldeko Mankomunitatera bideratuko dituzte 60.000 euro inguru, “aurreikusitako ekarpenaren eta gastu errealaren arteko desfaseari aurre egiteko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!