Ductilor enpresako langileek ordubeteko lanuztea egin zuten, atzo, asteko lanaldian “inposatu” gura dizkieten aldaketak salatzeko. Enpresaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, 13:00etik 14:00etara, Enpresa Komiteak deituta —CCOOek bost ordezkari ditu, hiru ELAk eta LABek bat—.
Azaldu dutenez, enpresaren zuzendaritzak asteko lanaldiaren ohiko egutegiaren aldaketa “inposatu” gura du enpresak. Astelehetik barikurakoa beharrean martitzenetik zapaturako lanaldia jarri gura die enpresak, salatu dutenez. Ehun behargin inguru batzen dituen enpresak asmo hori bertan behera uztea eskatzen dute langileek.
Sí a la conciliación laboral y familiar zioen pankartaren atzean egin dute protesta langileek. CCOO sindikatuaren ustean “arrazoi ekonomikoek” eragindako erabakia da hartu gura dutena: “argindar kontsumoan aurreztu gura dute, asteburuan merkeagoa dena”.
Uztailaren 5era arte egingo dituzte ordubeteko lanuzteak adierazi dutenaren arabera. Orduan enpresak erabakia bertan behera uztea erabaki eta txandak berriro astegunetara berregokitu arte, zapatuan lan ez egitea proposatzea aurreikusi dute.