Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketako 27 auziperatu eta mugimendu horretako militante guztiei elkartasun eta babesa eskainiz mozioa onartu du udalbatzarrak. Era berean, auziak ekarritako galera ekonomikoei aurre egiteko 3.000 euroko diru laguntza ematea onartu da. Gobernu Taldeak egin zuen mozioaren alde eta kontra agertu zen PSE-EE. Mozioari “errepikakorra” deritzo, “urtebeteren barruan askotan ekarritako irakurketa”. Udalbatzarrean ez zen egon EAJ.
“Kriminalizatu” gura den amnistiaren aldeko mugimenduak “lanean jarraitzeko daukan zilegitasuna” aldarrikatzen du mozioak, eta “bere lan sozial eta politikoan jarraitzeko jarritako trabak gainditzea exijitu”; baita “eskubide zibil eta politikoen urraketa, tortura eta euskal herritarren kontrako errepresio bidegabearen zerrenda amaigabea ahalbidetzen duen Auzitegi Nazionala desagertzea” ere. Auziperatuen artean, Iñaki Reta elorriarra ere badagoela gogoratu dute. “Errepresio estrategiaren beste irudi” bat den auzia, tortura, Alderdien Legea eta dispertsio politika salatu zituen, besteak beste, berba hartu zuen herritar batek.
EAJk plenoaren barri, jakinarazi aurretik, pankarten bidez izatea kritikatu eta mozio politikoak ez ohiko plenoetan lantzea eskatu du. Azken mozioaren haritik jasandako “irain” eta “mehatxuak” aitatu dituzte.