Berbaldi sorta eratu du Kainabera Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) datozen asteotarako. Mugarik Gabe GKEko Herri Indigenen Saileko arduraduna den Jesus Gonzalez Pazos izan da lehenengo gonbidatua.
Bolivia izango du hizpide, gaur, maiatzaren 15a, Bolivia, la construcción de un país indígena liburuaren egileak.
Datozen asteoi begira, baina, beste berbaldi bi izango dira. Kanpo-zorra kitatzea hartuko du hizpide, eguenean, maiatzaren 22an, Mikel Isasik, Zorduna taldeko kideak. Iturri kultur etxeko areto nagusian izango da solasaldia, 19:30ean. Hala jakin eragin du Kainaberak. Leku eta ordu berean izango da maiatzaren 29rako antolatutakoa ere.
Giza eskubideak, gizadiaren ondarea. Kolonbia: erresistentzia eta elkartasuna, izenburu horrexekin antolatu dute zikloari amaiera emango dion berbaldia. CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeko kidea den Ivan Forero gonbidatu du Kainaberak Kolonbian ematen diren eskubide urraketen gainean jardun dezan.
Berbaldi sorta horrekin, “gizarteko hainbat arazoren inguruko informazioa eta sentsibilizazioa landu” gura du Kainaberak.