
Azken asteotako gertaera “oso larriak” gogoratu dituzte: “Inoiz ezagutzera heldu ez garen demokrazia horrek ondoa jo du”. PSOEk “gerra estrategiko ankerra” daroala diote, “botere judiziala barne, dituen tresna guztiak erabiliz”, eta, hor kokatu dituzte ‘mozio etikoak’ deritzenak ere. Elorrion ere aurkeztu dute PSE-EE eta EAJk mozioa, “argi utziz eurentzat hutsaren hurrengoa dela elorriaren borondatea”; aste honetarako aurreikusi dute bilkura—. “EAJk bere egin du PSOEren gerra estrategia eta babes osoa emateaz gainera, aktore nagusi izateko borondatea erakutsi”.
EAJri zuzenduz “demokrazia eta etika leziorik” ez diela emango adierazi dute. “Herritarrei lepoa emanez Udala kudeatu eta AHTari buruzko kontsula trabatu eta ezker abertzaleko zinegotziak kriminalizatu dituzuenok… herritarrek ia gehiengo osoz aukeratutako udal gobernua kentzeko prest zaudete?”. Ildo berean, alkatea “bere lana duintasunez egiteagatik espetxera bidali dezakeen estrategiaren lemazain” izango diren galdetu dute. “Gure zinegotziei babes eta konfidantza osoa eman gura diegu, herriak aukeratuta dagokien lan itzela, askatasunez eta baldintza egokietan egiteko eskubide osoa dutelako”. Arrasateko alkateari ere elkartasuna azaldu die.