Aramiñora ura eroateko lanak hasiko dituzte laster

Anboto 2008ko api. 12a, 14:35

Gazeta, Mendraka edo Berrio, besteak beste, euren ur-sarea darabilen auzoak dira. Aramiñok ere bere ur-sarea izan du, baina laster bertara herritik ura eroateko lanak hasiko dituzte.

Gazeta, Mendraka edo Berrio, besteak beste, euren ur-sarea darabilen auzoak dira. Aramiñok ere bere ur-sarea izan du, baina laster bertara herritik ura eroateko lanak hasiko dituzte.

Udalak 87.958 euroko inbertsioa egingo du horretarako; obren ardura, berriz, Bastegieta enpresak hartuko du. Zazpi asteko epea dute lanak amaitzeko, Niko Moreno alkateak azaldu duen moduan.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin batera landutako plangintzak (10 urtera begirakoa) aurten garatzeko egitasmoen barruan dago hori. Proiektua Ur Partzuergoak berak egin du (Udalsarearen bitartez), eta obren zuzendaritza ere eroango du. Udalak, berriz, inbertsioari egingo dio aurre. Hala ere, Bizkaiko Aldunditik %40ko diru-laguntza jasoko dute. Ura San Lorentzoko biltegitik eroango dute (800 m-ko hodia ipiniko dute). Aramiñon 5-6 baserri daude (tartean, nekazalturismo bat). 

Toponimia

Bestalde, herriko toponimiari buruz jasotako informazioa unitate didaktiko baten biltzeko asmoa dauka Udalak: web orria sortuko dute. Euskara Kontseiluan sortutako ideia da, Bittor Uriarte euskara teknikariaren berbetan: “Eskolentzako unitate didaktikoa izango da, baina, baita tresna bat ere herriko toponimia osatzen joateko”.

Informazio finkoa batuko du web orriak, hala ere, irakasle edo eskola bakoitzak ekarpenak egiteko aukera izango du. Dijitalidadea enpresarekin egingo dute eta urrian itxaroten dute prest egotea. Herriko toponimia jasoz liburua eta mapa kaleratu izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!