AHTari buruzko “hipokresia” salatu dute

Anboto 2008ko api. 24a, 15:04

Abiadura Handiko Trenari (AHT) dagokionez, administrazioen “hipokresia eta errespetu falta” salatu dute, Elorrion, azpiegitura horren kontra dauden bederatzi herritako alkate eta hautetsiek. Era berean, babesa agertu die asteon Gasteizera deklaratzea joan behar izan duen Aramaioko alkate Asier Agirreri.

Abiadura Handiko Trenari (AHT) dagokionez, administrazioen “hipokresia eta errespetu falta” salatu dute, Elorrion, azpiegitura horren kontra dauden bederatzi herritako alkate eta hautetsiek. Era berean, babesa agertu die asteon Gasteizera deklaratzea joan behar izan duen Aramaioko alkate Asier Agirreri.

Administrazioaren debekua baztertzea, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea eta, oinarrian, AHTari buruzko galdeketa egitea leporatu dio fiskaltzak Aramaioko alkateari, eta, hartutako jarrera horri “lotsagarria” deritze AHTaren kontra dauden herrietako alkate eta hautetsiek. “Herritarren iritzia entzuteko ekimenak kriminalizatu gura dituzte, benetan diru publikoa bidegabe darabilten erakundeei jazarri beharrean”, nabarmendu du Elorrioko alkate Niko Morenok. “Zergatik epaitu gura dute 1.500 herritar dituen herri bateko alkatea? Herritarrei eurei sekulako kaltea egingo deutsen azpiegitura baten gainean informazioa batzeagatik eta iritzia ematen uzteagatik?”, galdetzen du Morenok.

Aramaion moduan, AHTari buruzko galdeketak egin diren beste hamar herrietan parte-hartzaileen %90ak baino gehiagok proiektu horren kontra egin duela gogorarazi dute Elorrioko Udaletxean agerraldia egin duten alkate eta hautetsiek, baina administrazioari hori “berdin” zaiola azpimarratu dute. “Ez dute errespetatzen herritarrek pentsatzen edo sentitzen duena”, salatu gura izan dute.

“Informatzeko ahalegina”

AHTaren inguruko informazioa ematea eta galdetzea, berez, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren lana dela gogoratu du Morenok, baina, nahitaez “kasu batzuetan udalek eta beste batzuetan herri mugimenduak” egin behar izan duela: “Ahalegin berezia egin dugu informatzeko, eta aldeko eta kontrako iritzia entzun ondoren hausnartzeko eta erabakitzeko”. Espainiako Gobernuak, baina, era horretako egitasmoak zapuzten saiatzea gurago duela kritikatu dute alkate eta hautetsiek. Era berean, Eusko Jaurlaritzari propaganda egitea leporatu die hautetsiok egindako agerraldian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!