Ondoren, Batzokiaren eraikina, Aldapebeitia Jauregia, San Juan kalea, Asunzionistak… izan zituen aterpe ikastolak, azkenean, gurasoek Txintxirri Jauregia erosi zuten arte. Azken 40 urteotako “protagonista” izan diren guztien topaketa izan gura duen jaialdia antolatu du zapaturako, apirilaren 19rako, ikastolak, urteurrena ospatzeko. Ikastolaren zati diren guztiak gogoratu gura ditu ikastetxeak, eta lehenengo ikasturteko 10 ikasleei eta euren gurasoei omenaldia eskainiko die: “Lehenengo pauso aitzindariengan pertsonalizatuko da nolabaiteko sari kolektiboa”.
Omenaldia ez eze, 40 urteotako argazkien emanaldia ere batuko du 11:30ean hasiko den ekitaldiak; baita luntxa ere. “Jai giroan, ikastolaren ibilbidea gogoratuko dugu; 40 urteotako protagonisten topaketa izango da (ikasle eta gurasoak, irakasle, laguntzaile eta gizarte eragileak, instituzioak…), etorkizunari begira indarrak berritzeko ere izango da”, diote.
Hainbat lorpen
Ikastolaren lorpenak hainbat izan dira. Besteak beste, Batxilergo bateratu balioaniztuna (BBB) emateko eta haurtzaindegia zabaltzeko baimenak lortu zituztenekoak ekarri dituzte gogora, hezkuntza eskaintza 0-16 urtekoa bilakatuz. Baita 1999 eta 2006an Elorrion ospatutako Ibilaldi biak eta kudeaketan lortutako aitortzak ere: Zilarrezko Q-a (2003) eta Urrezko Q-a (2007).

EFQM ereduarekin, 1996tik
1996an hasi zen Txintxirri EFQM ereduarekin lanean, eta “kalitatezko hezkuntza eskaintzeko egindako etengabeko hobekuntzaren” aitortza da Urrezko Q-a. Ikastolako Errektore Kontseiluko buru Jaime Urritxik gogoratu du Bizkaian hori lortzen duen lehenengo ikastola izan dela, eta hirugarrena Euskal Herrian: “Txikienak emaitzarik onena lortu du berriro”. Hezkuntza Sailburuordeak, bestalde, bikaintasunaren alorrean sari “inportanteena” dela gogoratu du, “hezkuntza unibertsalizatu den honetan, kalitatea hezkuntza sistemaren erronka nagusietarikoa” dela esanez.