PSE-EE eta EAJren kontrako botoekin alkatearen soldata jaistea ez da onartu

Anboto 2008ko mar. 10a, 10:00

Niko Moreno alkatearen soldata jaisteko Gobernu Taldearen proposamena ez du onartu udalbatzarrak. PSE-EE eta EAJk kontra egin dute, Ogasun eta Pertsonala Batzordearen aldeko diktamena zeroan proposamenaren aurrean; alkatearen urteko 61.862 euroko soldata gordina 48.848 eurora jaistearen kontra egin dute.

Niko Moreno alkatearen soldata jaisteko Gobernu Taldearen proposamena ez du onartu udalbatzarrak. PSE-EE eta EAJk kontra egin dute, Ogasun eta Pertsonala Batzordearen aldeko diktamena zeroan proposamenaren aurrean; alkatearen urteko 61.862 euroko soldata gordina 48.848 eurora jaistearen kontra egin dute.

Sozialista eta jeltzaleek batutako sei botoek EAEren lau zinegotzien aldeko botoen gainetik geratu ziren; izan ere, EAEko zinegotzi bat falta izan zen bozketaren unean eta beste batek abstentzioa aukeratu zuen. Aitatu dezagun Elorrioko Herritarren Aukerako (EHA) zinegotzia ere ez zela udalbatzarrean izan.

PSE-EEk neurri “populistatzat” eta “ez beharrezkotzat” jo zuen: “Ezer ez daukagu alkatearen soldataren kontra; arduratzen gaituena da guztion ongizatean pentsatuta merezi ote duen”. Besteren artean “nagusikeria” eta “demokrazia txikiko” jarduteko era egotzi zien Gobernu Taldeari. EAJk aurrekontua eztabaidan esandako berretsi zuen: “Ez dugu uste alkatearen soldata jaitsi behar denik. Bere erantzukizunekin bat datorren soldata jaso behar du eta herrian eta herriarentzako lan gehiago egin behar du”.

Niko Moreno alkateak azaldu zuenez, udal arduradun nagusiaren soldata alkate izendatu zenetik jasotzen duenera — hileko 2.400 euro— egokitzea gura izan da. Era berean, joan zen otsailean 2008ari begira onartutako udal aurrekontua batutako diru-atalera egokitzea. EAEren botoekin onartu zen; abstenitu egin ziren EAJ eta EHA eta PSE-EEk kontra egin zuen.

"Absurdua"

Morenoren berbetan, gertatutakoa “absurdua” da: “Norbaitek gutxiago kobratu gura izatea eta ez uztea”. Bezperan, Ogasun eta Pertsonala Batzordea izan zela gogoratu zuen eta berton aldeko diktamenak irten zuela: “Botoa aldatu dute. Ez genuen kontrako botorik espero. Absurdua da eta orain onartu zen udal aurrekontua ere egokitu beharko dugu”. Hala ere, orain arte jasotako dirua jasoko duela berretsi du Morenok: “Jaso beharko nukeena eta uste dudana kobratzen jarraituko dut. Orain ikusi beharko dugu zelan kudeatu daitekeen gainerako diruaren itzultzea.
Azken udalbatzarrean gertutakoaren aurrean “egoera aztertuko” du Gobernu Taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!