Eskainitako zerbitzuaz kexu dira Kiroldegiko hainbat erabiltzaile

Anboto 2008ko api. 6a, 13:06

Kiroldegiko zenbait erabiltzaile kexu dira dagokien zerbitzua jasotzen ez dutelako. Ikasturtea hasi zenetik hainbat ordu galdu dituztela salatu dute, eta “behar diren ikastaroak emateko urte osorako irakaslea” lortu ezean, ordaindutako dirua bueltatzea eskatu. Urritik dagoz egoera horretan, diotenez, eta “2. hiruhilekoko kuota ere pasatu da beherapenik gabe”.

Kiroldegiko zenbait erabiltzaile kexu dira dagokien zerbitzua jasotzen ez dutelako. Ikasturtea hasi zenetik hainbat ordu galdu dituztela salatu dute, eta “behar diren ikastaroak emateko urte osorako irakaslea” lortu ezean, ordaindutako dirua bueltatzea eskatu. Urritik dagoz egoera horretan, diotenez, eta “2. hiruhilekoko kuota ere pasatu da beherapenik gabe”.

Urtarrilean spinning klaseetako irakaslea joan ondoren sortu dira arazoak, Kiroldegiko gerentearen berbetan. Irakasle finkorik gabe geratzean, ordu batzuk ordezkoen bitartez lotu behar izan dituzte eta beste batzuk bertan behera utzi. “Eskasia dago eta oso zaila zaigu irakaslea topatzea”. Hala ere, galdutako klaseak konpentsatzeko bonoak prestatzen dihardutela azaldu du: “Izango da ados egongo ez denik, eta horiekin akordioa lortzen ere saiatuko gara: dirua bueltatuz edo hurrengo hilean deskontuak eskainiz”.

Erabiltzaileetako baten berbetan, baina, ez dute bonorik gura: “Izena emandako ekintza horietan klaseak jaso gura ditugu”. Eskainitako zerbitzuen gaineko kexak “orokorrak” direla gaineratu dute.

Kiroldegiko arduradunak dinonez, irakasle finko baten bila jarraitzen dute: “Dena dela, klaserik ez dagoenean bestelako zerbitzuak eskaintzen dira kobratu gabe: muskulazio gela, igerilekua, irakasle gabe bada ere spinning egiteko aukera…. Argi dugu egoera deserosoa dela, bai erabiltzaileentzat bai guretzat”. Apirilean irakasle bat izatea itxaroten dute.

Hilero batzartzen den Kiroldegiaren Kontrol eta Jarraipen Batzordearen bitartez Udalak badauka egoeraren barri eta herrian lan-poltsa sortzea planteatu dutela gogoratu du Cristina Sierra Kultura zinegotziak.

Batzordean kexa “asko” eta denetarikoak jasotzen direla aitortu du Sierrak: “Udal lez zerbitzu ona ematea bermatu behar dugu eta horixe exiijitzen diogu enpresari. Batzordean hartutako konpromisoa bete dezan, atzean gaude”. Dena dela, Kiroldegia “zaharra” dela eta “mantenimendu eskasa” izan duela gogoratu du: “Kontuan hartu behar da enpresak zer egoera topatu duen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!