Zortzi milioi eurotik gorako udal kontua onartu dute

Anboto 2008ko ots. 28a, 12:50

“Udalaren egoera ekonomikoak lagunduta, ahalegin ekonomiko handia” eskatuko duen aurrekontua atera du Gobernu Taldeak.

“Udalaren egoera ekonomikoak lagunduta, ahalegin ekonomiko handia” eskatuko duen aurrekontua atera du Gobernu Taldeak.

Udaletxeko lan-taldea “sendotzea” (udaltzaingoaren errefortzua, liburutegirako teknikaria eta berdintasun teknikaria) ez eze, Abiadura Handiko Trena (AHT), nazio eraikuntza, presoen sakabanaketa, turismoarekin lotutako egitasmoa eta Hiri-antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) ditu lan ildo; 8,157 milioi euro batzen ditu aurrekontuak.

Lurrak erosteko atala (185.000 euro) eta ikastetxeentzat laguntzak (116.000 euro) ere lotu dituzte. Gobernu Taldeak bakarrik egin du alde; kontrako botoa eman du PSE-EEk, eta EAJ eta EHA abstenitu egin dira.

PSE-EEren ustez “gutxienezkoen aurrekontua” da aurkeztutakoa: “Egoera oso ona da, baina ematen du ideiak falta direla eta ez dago etorkizuneko proposamenik”. Batzordeetako lan “serio” eta “arduratsua” nabarmendu arren, aurrekontuaren kudeaketa orokorrarekiko “desadostasun osoa” agertu du. Etxebarribeinen egitasmoa eta Eguneko Zentroarena berriro hartzearen alde eta presoen senideentzako laguntzen kontra egin du, mantendu dituen zuzenketetan; ez dira onartu.

“Desengainatuta”


EHAk ere “zer egingo den faltan bota” du eta liburutegirako teknikaria eta eskolentzako laguntzen proposamena ez du begi onez ikusi. EAJ “desengainatuta” agertu da: “Kultura eta Ezker Abertzalearen interes politikoez gainera, jarraitasuna da nagusi. Kolore gehiago espero genuen”.

Lan-talderako neurriei, berriz, “populistak” deritze EAJk: “Balorazio eta helburuak ez ditugu ezagutzen eta ondo egin ezean diru xahuketa da”. Ikastetxeetarako laguntzak “ekitatiboak” direnik ukatu du, “aukeratzeko askatasuna” arrazoituz, eta herria garatzeko “plan zehatzen” faltak eta HAPNan parte hartzeko atalak ere “desengainatu” egin dutela azaldu dute. Alkatearen soldata jaistearen kontra ere agertu dira: “herrian eta herriarentzat lan gehiago egin behar du; biztanleri jeitsierari aurre egiteko”.

Niko Moreno alkateak egoera ekonomiko “ona” berretsi du: “Ideiak badira eta egitasmoak garatuz doaz; inbertsioak sortuz joango dira. Aurrekontua ez da sorpresa kaxa eta ezin da artifizialki loditu beste asmo batzuk egonda”. HAPNarekin laster herriaren “garapenean” lanean hasiko direla dio, eta irakaskuntzan, lehenengoz, diru-laguntza “ekitatibo eta ausarta” aurkeztu dutela: “Hori finkatu behar da; oinarri sendoekin erabili behar da diru publikoa”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!