Jaso gabeko 89 bide publiko batu ditue inbentariora

Anboto 2008ko ots. 19a, 16:06

Galbidean edo ahaztuta izan diren 89 bide historiko batu dituzte herriko bide publikoen eguneratutako inbentarioan. Jasota izan diren 68 bide publiko garrantzitsuenei zein zolatutakoei batu zaizkie azken urteotan “abandonatuta” izandakook.

Galbidean edo ahaztuta izan diren 89 bide historiko batu dituzte herriko bide publikoen eguneratutako inbentarioan. Jasota izan diren 68 bide publiko garrantzitsuenei zein zolatutakoei batu zaizkie azken urteotan “abandonatuta” izandakook.

Behin betiko publiko bihurtuko dira, eta “publikoak ez dauka preskripziorik. Halaxe argitu du lan horretaz arduratu den Sendo enpresako Guillermo Ruir de Erentxunek. Berarekin jardun du Elena Arandok ere bai. Herriko bide publiko guztiak berreskuratzea helburu hartuta 2005ean hasi ziren bide horien guztien (antzinako landabide, galtzada, gurdibide, andabideak… barne) inbentarioarekin.

Ondare publiko eta historikoa izanda Udala hori berreskuratzera behartuta dago, Ruiz de Erentxunek gogoratu duenez: “Ez konpondu edo asfaltatzeko, hori dagokionean erabakiko da-eta. Trazatua babestu behar da, interesa sortuz gero zabaltzeko edo ez. Zerrendatzea da garrantzitsua. Bideok mantentzeko bermatzaile izan behar da Udala”.

Tira-birei aurre egiteko tresna

Bestalde, herritarren artean sortu ohi diren tira-biren aurrean erantzuteko tresna ere izango da: “Tira-birak ordenatu gabe egoterakoan sortzen dira. Estatus ofiziala falta dute, jabari publikoko ondasunen inbentarioa, berriz, eskritura lakoa izango dugu”. Gogoratu dezagun publikoa denek prozesu jakin bat bete behar duela edozein tramiteren aurrean.

Bideak “guztiz logikoak” dira Ruiz de Erentxunen berbetan: “Baina, denak lez logikak ere bere eboluzioa dauka. Esaterako, eskola ez egoteak ez du esan gura eskolarako bidea bera galdu denik”. Bizkaia eta Gipuzkoako 1927ko kartografiak eta 1956an amerikarrek egindako aireko argazkiak lagundu die herriko bide-sarea aztertzen. “Gero, herrian bertan alde lanaren alde politena izan ohi dugu: testigantzak jasotzea. Testigantza on batekin auzo guztiaren berri izan zenezake. Gure lana kontrastatzea da finean”. Horretarako Bilboko artxibo historikoan jasotako hainbat agiri izan dituzte, besteren artean, 1903ko herriko bide publikoen zerrenda. “Dena batu ondoren, jostea da gure lana”.

Galtzada historikoen "ez ohiko" kontzentrazioa


Bizkaian, galtzada historikoen kontzentrazio ez ohiko batzen zuen Elorriok XVI. mendean, “bai egiteko bai mantentzeko oso aberatsa”. Berriozabaletatik San Agustinerakoa edota Elgetarakoa aitatu ditu Ruiz de Erentxunek: “Ja XVI. mendean abandonatuta egoen Elorriotik Berrizerako galtzada ere jaso dugu”.

Bizimodua zelan aldatu den ere erakusten du egindako lanak: “Sasoi baten auzoz auzokoa zen hartu-emana. Auzotik auzora egiten zen bidea, sare perimetrala sortuz. Sare erradiala, herriarekin lotutako bideek osatutakoa izan da, baina, mantendu dena. Urteak aurrera egin ahal eguneroko hartu-emana herriarekin egin da, ez alboko auzoarekin. Lehen auzoetan, eskolak, tabernak… zeuden eta domeketan bakarrik jeisten ziren herrira”.

Bestalde, sasoi baten bidea norberaren etxe aurrera ekartzeak “nolabaiteko pribilejioarekin” zeukan lotura. Orain, bidea aldendu egin gura da, “pribazidadea” da helburu.

Durangaldeko ia herri guztietan egin du “azaleko” inbentarioa Sendo enpresak. Elorrion “sakonagoa” egin da, eta Berrizen ere lanean dihardute. Ea, Sondika eta Elgoibarren ere sakondu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!