Udalbatzak 8,15 milioiko udal kontua eztabaidatuko du, asteon

Anboto 2008ko ots. 13a, 10:40

Udaletxeko lan-taldearen errefortzua, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako “borroka” eta funtzionario berrien sorrera ardatz hartuta osatutako udal kontu proposamena eztabaidatuko du, asteon, udalbatzarrak: Gobernu Taldeak 8,15 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du; inbertsio atalak, berriz, milioi bat euro batzen ditu.

Udaletxeko lan-taldearen errefortzua, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako “borroka” eta funtzionario berrien sorrera  ardatz hartuta osatutako udal kontu proposamena eztabaidatuko du, asteon, udalbatzarrak: Gobernu Taldeak 8,15 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du; inbertsio atalak, berriz, milioi bat euro batzen ditu.

Niko Moreno alkatearen berbetan, “horrek ez du esan gura egitasmorik garatzeko asmorik ez dagoenik, proiektuok diru geldikinen kontra eskatutako kredituekin lotuta egotea da arrazoia”.

Udaltzaingoan lan taldea handitu gura dute aurten, eta berdintasun teknikariaren lanpostua sortu. Berdintasun Arloa Gizarte Ekintzatik atera eta aurrekontu propioa bideratu gura dute. Bestalde, Iturri kultur etxearen zerbitzua “bermatzeko” kultur teknikariak eta administrari lanpostu bik osotutako lan taldea finkatu gura dute. AHTaren aurrean 34.000 euro gorde dira, informazio kanpainak eta aholkularitza juridikoa bideratzeko, eta herriko presoen senideen laguntzetarako 47.000 euro; Udalbiltzarako 67.000 euro.

Udalaren Komunikazio plana garatzea (24.000 euro) ere gura  dute: “Webgunea gaurkotu eta irudi korporatiboa sortu gura dugu. Alde bisual eta komunikatiboa landuz administrazioa modernizatu”, Morenoren berbetan.

Diru-laguntzei dagokionez, berriz, Agustin Garamendi musika eskolarako laguntza biderkatzea aurreikusi dute (30.000 euro) eta ikastetxeen laguntzetarako 116.000 euroko atala sortzea: “Batzordean zehaztuko dira, baina, irizpideak”.

Inbertsioen atala ez dela “erreala” aitortu du Morenok, egitasmo asko geldikinen bidez gauzatuko dira-eta; besteak beste, Berrio-Otxoa kaleko azken zatiaren hirigintza lanak, Kurutziagako aparkalekua egokitzea eta San Josen argiteria jartzea. Aitatzekoa da 100.000 euro batu direla egitasmo teknikoetarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!