Esteibarlanda alboko plazako lanen atzerapena dela-eta zehapen-espedientea zabalduko du Udalak

Anboto 2008ko urt. 15a, 13:55

Urarka, Ibarra, Labakua eta Esteibarlanda kaleak batzen dituen plazaren atontze lanak daramatzan enpresaren kontra zehapen-espedientea zabalduko du Udalak. Halaxe onartu du udalbatzarrak aho batez.

Urarka, Ibarra, Labakua eta Esteibarlanda kaleak batzen dituen plazaren atontze lanak daramatzan enpresaren kontra zehapen-espedientea zabalduko du Udalak. Halaxe onartu du udalbatzarrak aho batez.

Lanak joan zen azaroaren 30erako egon behar ziren gertu eta oraindino ez dute amaitu. Beraz, baldintza-orriak batutako aukerarekin aurrera egitea onartu dute, “Udalarekiko eta herritarrekiko errespetuagatik”, Niko Moreno alkateak azaldu duenez. Lanak amaitzeko atzeratutako egun bakoitzeko 127 euro ordaindu beharko ditu enpresak.

2006ko urte amaieran eman zizkien Udalak hirigintza lanok Greyhound enpresari, 2007ko urte hasikeran hasteko. “Joan zen azaroan ziren amaitzeko eta eurak ere ez dakite noiz amaituko duten. Udala azalpenen zain egon arren ez dute argibiderik eman. Lan-plangintza ere eskatu zitzaien, baina ez dugu ezer jaso”. Ildo horretan, Morenok gogoratu du abenduaren 15ean jakin eragin ziela zehapen –espedientea zabalduko ziela.

Berdeguneak, umeentzako jolasgunea eta aparkalekuak batzen ditu aurreko legealdian emandako egitasmoak, denera, 5.000 metro koadroan eraginez. Horretarako 635.000 euroko aurrekontua zehaztu zen.

Urtarrilaren 3an zabaldu zen zehapen espedientea, beraz, azaroaren 30etik hil honen 3ra bitartean izandako atzerapen egunak batuz, 4.310 euro ordaindu beharko ditu Greyhound enpresak. Hala ere, harrezkero lanak amaitu arte igarotako egun bakoitzeko ordaindu beharreko 127 euro gehitu beharko zaizkio horri.

Diru kopuru horri kalte-ordainak ere batu behar zaizkio, Morenok azaldu moduan, esaterako obra zuzendaritzari ordaindu beharrekoa; izan ere, Udalak lanak gainbegiratzen dituen teknikoaren kontratua luzatu behar izan du. Hori, baina, kalkulatu gabe dago oraindik. Dagoenean Greyhound enpresari helaraziko die gain hartu dezan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!