AHTri buruzko kontsulta defendituko du Udalak

Anboto 2007ko aza. 24a, 16:25

Udalak Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruz abenduaren 2an egin nahi duen erreferenduma defenditu ahal izango du epailearen aurrean.

Udalak Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruz abenduaren 2an egin nahi duen erreferenduma defenditu ahal izango du epailearen aurrean.

Espainiako Gobernuak EAEn duen bozemaile Paulino Luesmak eskatuta, Estatuko Fiskaltzak helegitea jarri zuen Elorrioko Udalaren aurka herri kontsulta deitzea erabakitzeagatik. Bilboko Administraziorekiko Auzietarako Laugarren epaitegiko epaileak, orain, udalari bere asmoak azaltzeko eskatu dio: «Edozein erabaki hartu baino lehen, diotena entzun behar dut».

Bost egun eman dizkiote Udalari kontsultaren aldeko argudioak jasotzen dituzten dokumentuak aurkezteko. Eguaztenean amaituko da agiriok aurkezteko epea.
Batetik, “administrazioaren isiltasuna eman ez dadin; informazioa eskatuz gero ez dugu-eta ezer ezkutatzeko”, eta, bestetik, “galdeketaz jarraitzeko arrazoirik badugula uste dugulako oraindino ere”, dagozkien agiriekin aurkeztu da Udala epailearen aurrean. Halaxe azaldu du Morenok.

Arrazoi bi nabarmendu ditu herriko alkateak: “Tramite denak ondo bete direla deritzogu; udalbatzarrak, gehiengo absolutuz hartutako erabakia da. Bestalde, herri-kontsultak ez dauka izaera loteslerik. Ez dugu ezer erabakitzerik horrekin, galdeketaren helburua beste bat da: herritarrek zer pentsatzen duten jakin gura dugu. Horrek ez dauka zertan eraginik izan gobernuaren ikuspuntuan; behintzat ez proiektu horrengan”.

Mahaien hautaketa egin da azken egunetan. Abisua eman zaie herritarrei telefonoz, bandoz eta gutun bitartez; eta, inguruko herrietatik etorriko diren zenbait ikuskarirekin ere izango dira. Parte hartzea “nahiko garrantzitsua” izatea itxaroten da. Morenoren berbetan, “AHTarekin bat etorri edo ez, jendea kontsulta egitearen alde dagoela igartzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!