Lan-baldintzen kalitatea zaintzeko konpromisoa hartu du Udalak

Anboto 2007ko aza. 19a, 09:42

Enpleguaren, instalazioen eta lan-baldintzen kalitatea zaintzeko konpromisoa hartu du Elorrioko Udalak, “berriro ere katea azken mailan, langileengan eta horien eguneroko laneko segurtasunean, apurtu ez dadin”.Halantxe batzen du Bozeroale Batzordeak landutako idatziak.

Enpleguaren, instalazioen eta lan-baldintzen kalitatea zaintzeko konpromisoa hartu du Elorrioko Udalak, “berriro ere katea azken mailan, langileengan eta horien eguneroko laneko segurtasunean, apurtu ez dadin”. Halantxe batzen du Bozeroale Batzordeak landutako idatziak.

Leunketa enpresan Elorrioko Txaber Oregi gaztea hil eta beste lau langile — horietako bi oso larri— zauritu zireneko istripua, lurzoru merkeagoak eta instalazioen kalitate hobeagoak lortzeko diru publikoarekin egindako industrialdean gertatu zela nabarmendu du Udalak: “Hala ere, instituzioek egindako ahalegin bertan behera geratzen da, ahalegina ez da-eta katearen azken mailaraino heltzen, hau da langilearenganaino eta horren eguneroko lanerako segurtasuneraino”.

Lan istripua salatu du “beste behin” Udalak; “azken aspaldian hainbat izan direlako, bai istripuak ba ondorioz hildakoak”. Ildo horretan, nabarmendu dute istripuak kasu guztietan gertatu direlako “enpresariak langileak trebatzeko eta arriskuak prebenitzeko bete behar dituen betebeharrekoak ez dituelako bete” eta “enplegu kalitateari lehentasuna eman beharrean beste helburu goxoagoei eman dielako”.

Udalak Txaber Oregiren senide eta lagunei elkartasuna eta berotasuna agertu gura izan die halako momentu latzetan. Era berean, zaurituei “azkar” eta “guztiz” osatzea opa die, euren etxekoei ere babesa adieraziz.

Minutu bateko isilunea egin zuen udalbatzarrak Txaber Oregiren omenez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!