Udalak “halako jite eta tamainako proiektuen inguruan benetako gizarte-adostasuna eskatzea” onartu du, “bai gizartearekiko bai ekonomia, ingurumen eta paisaiarekiko eraginagatik”. Proiektuaren “komenigarritasunari buruz” herriaren “benetako” iritzia jakiteko egin gura da kontsulta.
Elorrion, AHTa proiektuaren “unerik garrantzitsuenean” dagoela nabarmentzen du mozioak: “Tarteetako baten obren lizitazio eta adjudikazioa eta lurrak desjabetzeko prozesua segituan hasiko direla errela da; aldi berean, proiektuaren aurka daudenak informazio-lanean jarraitzen dute, proiektuaren aurka laguntza biltzeko ahaleginean”. Egoerak Udalari eragiten deutsala eta “gai hori guztia zuzenean dagokiola” iritzita, Tokiko Administrazio lez, “herritarren gehiengoaren interesak defendatu” behar dituztela deritze.
Parte hartzea bultzatzeko plataforma

Bestalde, joan zen domekan Arriolan 400 bat lagun batu zituen AHTari buruzko Topaketen balorazio “oso positiboa” egin dute elkarlanekoek. Obraren dimentsioa eta izango duen eragina erakustea ez eze, indarrak batzea izan zuen helburu, eta “herriak benetan zerbait esan beharra daukala erakustea”.
Harrobiak
AHTaren eraginaz eta egitasmoaren “inposizioaz” jardun zuten, eta, besteak beste, harrobiak izan zituzten hizpide: “Elorrio-Arrasate zatiaren exekuzio egitasmoak eskualdean 16 harrobirentzako ikerketa jasotzen du; bat Aramiño auzoan (Elorrio eta Atxondo artean). Erdi-aktibatuta daude beste hainbat ere, eta horren ustiapena areagotuko da”.