Gonbidatu ezagunekin hasiko dute Mendi Astea

Anboto 2007ko aza. 1a, 14:20

Astelehen honetantxe hasiko dute Elorrion Erdella mendizale elkarteak eratutako Mendi Astea. Azaroaren 10era bitartean ospatuko dute gonbidatu ezagunen parte-hartzea izango duen ekimena eta, urtero legez, bigarren eskuko mendi materiala saldu zein erosteko aukera ere eskainiko die Erdellakoek hurreratuko direnei.

Euskadiko Kutxaren erakustaretoan mendi merkatua zabalduko du mendizale taldeak, 18:30etik 20:30 ingurura, astelehenean hasi eta barikura arte; azaroaren 10ean, berriz, 12:00etatik 14:00etara edukiko dute zabalik (oraindino ere hurreratu daiteke materiala saldu gura duenak). Hala ere, horrekin batera, gonbidatu bereziek eskainitako ikus-entzunezko emanaldiak ere izango dira, 19:30ean. Itoiz Armendarizek aurkeztutakoa izango da lehenengoa, azaroaren 5ean: Munduko eta Europako mushing txapelketa.

Marimendi elkarteko kideak izango dira, hilaren 6an: Lau bide Euskal Herriko emakumeentzat aurkeztuko dute Euskadiko Kutxako aretoan. Eguaztenean, berriz, Josune Bereziartuk Erori eta berriz hasi hartuko du hizpide eta, eguenean, Jabi Etxebarria eta Julen Zelaieta berriztarrek Broad Peat-erako bidaia ekarriko dute gogora: Broad Peat ‘Inshallah’-ra igoera.

Asanblada

Erdella mendizale taldearen aurtengo irteerak gogoratuko dituzte azaroaren 9an, barikuan, eta zapatuan, berriz, asanblada ere egingo dute. Bertan datorren urterako egutegia zehaztuko dute. Urtez urte Mendi Asteak izaten duen harrerarekin pozik daude antolatzaileak. Jende asko hurreratu ohi da antolatutako emanaldietara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!