AHTaren aurkako mozioa onartu du Udalak

Anboto 2007ko urr. 19a, 15:55

Bilkura aretoa lepoz beteta zela, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako mozioa onartu zuen, atzo, Elorrioko Udalak. EAE eta Elorrioko Herritarren Aukera (EHA) taldearen aldeko botoekin irten zuen aurrera mozioak; aurka egin zuten EAJ eta PSE-EEk. Aitatu dezagun Durangoko Elkarlanak, eguenean, urriaren 25ean, aurkeztuko duela Udalean mozioa, 17:00etan hasiko den udalbatzarrean. “AHTk ekarriko lituzkeen kalteak salatzea da helburua, eta trenaren egitasmoa erabat geratzea, proiektuaren eztabaida soziala egiteko”, azaldu dutenez.

Bilkura aretoa lepoz beteta zela, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako mozioa onartu zuen, atzo, Elorrioko Udalak. EAE eta Elorrioko Herritarren Aukera (EHA) taldearen aldeko botoekin irten zuen aurrera mozioak; aurka egin zuten EAJ eta PSE-EEk. Aitatu dezagun Durangoko Elkarlanak, eguenean, urriaren 25ean, aurkeztuko duela Udalean mozioa, 17:00etan hasiko den udalbatzarrean. “AHTk ekarriko lituzkeen kalteak salatzea da helburua, eta trenaren egitasmoa erabat geratzea, proiektuaren eztabaida soziala egiteko”, azaldu dutenez.

Udaletxearen kanpoaldean elkarretaratzea deitu dute, Durangon, urriaren 25ean, 16.30ean. Atzo, Elorrion ere egin zuten, 19:00etan. Nuria Lopez de Gereñu Garraio sailburuak, bestalde, AHTren lanak 2013an amaitzea espero dutela adierazi zuen atzo Euskadi Irratian, eta ez dagoela atzera egiterik.

Elorrion onartutako mozioaren bitartez, AHTren egitasmoaren “inposaketa” galarazte aldera, “bere esku dituen bitarteko administratibo guztiak baliatzeko konpromisoa” hartzea onartu du Udalak, eta, herriko sarrera-irteeretan zein udaletxean, proiektu horren kontrako jarrera adierazten duten euskarriak jartzea. Era berean, administrazioei egitasmoaren inguruko “informazio egiazko eta objektiboa” zabaltzeko “exijitzeko” konpromisoa hartu du Udalak eta “bere esku dagoen guztia egingo du informazio hori eskuratu eta herritarrei helarazteko”.

"Hitza errespetatzea"

Elorriarrek egitasmoaren inguruan “euren hitza adierazi eta borondate hori errespetatze aldera” bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa ere hartu du Udalak eta, oro har, horren kontrako herri mugimenduarekin, eta “zehazki” kaltetutako gainerako herrietako udalbatza eta zinegotziekin, “indarrak batu eta elkarlanean jardutekoa” ere bai. Proposamen hori eta horren ondorioak Durangaldeko gainerako herriei helarazi eta horrekin bat egiteko proposamena egingo du Elorriok.

"Garapenerako abantailak"

EAJk , egitasmoak “gure inguruan hainbat atsekabe” sortuko dituela onartu arren, “herri honen garapenerako izango ditun abantaila garrantzitsuak aintzat hartuta”, eginkizun horren aldekoak dela arrazoitu du. “Euskadi garatzeko ezinbestekotzat” jo dute eta, uste dute “Europarekin eta penintsularekin lotura sendoa” emango diola. Bidaiariak eta merkatu-gaiak garraiatuko dituela azaldu dute: “Etorkizunean ez inbertitzeak, munduko herri garatuekin lotura galtzea litzateke eta honen ondorio kaltegarriak urte gutxiren buruan, eguneroko ongizate zerbitzuen kalitatean pairatuko genituzke”.

EAJk ukatu egin du AHTak euskal erakundeen “hipoteka ekonomikoa” ekarriko duenik, “ezta beste azpiegitura edo egitasmo batzuk galaraziko dituenik”, finantzazioa Ekonomi Itunaren Laugarren Xedapen Gehigarriaren eta Kupoaren bidez egingo dela arrazoituz: “Jaurlaritzak Gipuzkoako tartea ordainduko du, baina, Madrili ordaintzen zaion kupotik murriztuz”.
AHTa ez egitea egungo garraio sistema — “gehiegizko erabilera oinarritutako sistema— mantentzea suposatzen duela dio EAJk. Ildo horretan, diotenez, “eguneko 425 tona CO2 gutxiago isuriko dela kalkulatzen da eta, eguneko, 6.000 auto — eta eurotatik 1.200 bat kamioi— errepideetatik aterako direla, trafikoa bizkortuz”. AHTk Ingurumen araudiak eskatutako beharrizan guztia betetzen dituela ere arrazoitu dute. Euskal gobernuan “konfidantza” dutela azaldu dute.

"Goi prestaziodun trebidea"

PSE-EEk bere aldetik, mozioan “goi prestaziodun trenbide linea” deritzona “deskalifikatu” baino ez dela egiten nabarmendu du eta ingurumenean eta Elorrion eragin handia izango duela aitortu arren, nabarmendu du “Europa eta Espainiarekin lotuko gaituela”. Dioenez, Jaurlaritzak ez du dagokion informazioa eman udaletxeetan: “Ni neu prest nago kaltetutako inguruko Udalon batzar bat antolatzera Sustapen Ministerioarekin .Giro negoziatzaile baten badago oraindik AHTren bidea aldatzeko”.

Egungo sarearen alde

EHAk berretsi du egungo sarearen aldekoak direla eta hori “hobetu” beharra dagoela: “ Ez ditugu ulertzen zuek ikusitako onurak”.

EAEk egitasmoa Euskal Herriaren ikuspegitik pentsatuta ez dagoela berretsi dau eta ez duela “gure lurraldea batere kohesionatzen ezta egituratzen ere”. Inpaktu ekologiko “itzela” izango lukeela nabarmendu dute, eta “eragin bortitza” gizarte ereduan, lurralde egitura eta ekonomian.. Horrezaz gainera, diru publikoaren banaketarengan “eragin itzela” suposatuko lukeela diote, “urte askotako aurrekontuak baldintzatuz eta behar sozialak soluziobiderik gabe utziz”. Gogoratu dute baita “etorkizuneko belaunaldien bizkar gainera” botako direla egitasmo horrek “koste ekonomiko eta sozialak”.

“Behar bezalako informazio, eztabaida era erabakitze prozesu parte hartzailerik sustatu” ez dela salatzen du mozioak eta udalerriak ere baztertuak izan direla. Guzti horregatik, Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Garraio eta Herri Lan Sailei, eta Espainiako eta Frantziako Sustapen Ministerioei egitasmoaren “inposaketa” albo batera uztea “exijitu” dute; era berean, “ezinbesteko eztabaida eta erabakitze prozesu herritarra abiatu eta gauzatu arte proiektua bertan behera uzteko” deia egin dute.


Herri galdeketa eskatu dute


Elorrioko AHT Gelditu Elkarlanak bere aldetik, “herritarrek ahots eta iritziak” entzutea eskatu dute eta horretarako “bide demokratiko bat” martxan jartzea. Herri galdeketa antolatzea eskatu diote Udalari, “elorriarrek euren iritzia eman dezaten, alde zein kontra”. Horren aurrean EAEk azaldu du luzatutako eskaerari erantzuteko "dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela".


Aurkeztutako mozioa trena geratzeko bidean beste pauso bat eman dela uste dute: “Udala trenaren kontra egoteak eta proposatutako beste neurriek pozten gaituzte. Baina, ez da nahikoa eta beste aurrerapauso bat eman behar dela deritzogu”. Ildo horretan, udal ordezkari guztiei, aldeko zein kontrako jarrera agertutakoei pauso berri bat emateko eskatu die.

AHTren egitasmoa Elorrio “hankaz gora” utziko duela nabarmendu dute: “ingurumenean izango dituen kalteak ez eze, ez du dugun garraio arazoa konponduko eta beharrezko gizarte gastu batzuen kostara finantzatuko da. Gairena, gutxi batzuek baino ez diote probetxua aterako”.
Elorrioko igaroko den ibilbide baten lanak enkantean hartzeko atera eta eman ere egin direla gogoratu du AHT Gelditu Elkarlanak, eta zundaketa lanak ere egin direla Udalaitzen. “Trenaren egitasmoa geldiaraztea eskatuz alegazioak ere aurkeztu ditu , Administrazioak jarritako epe oso laburrean; eta, orain, Igurian, desjabetze prozesuak hasi dituzte”. Horren aurrean , obrak gelditzeko “denbora gutxi” dagoela nabarmendu dute, eta orain dela “trena geratzeko garaia”. Egitasmoaren aurkakoak asko direla gogorarazi diote udalbatzarrari.

Otsailetik dihardu lanean Elorrioko AHT Gelditu Elkarlanak eta harrezkero Administrazioari informazioa eskatzen aritu direla gogoratu dute: “Gu izan gara lortu ahal izan dugun informazioa herrira zabaltzen bakarrak”.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!