Zergak eta tasak %1,5 igotzea adostu dute, zaborren gainekoa izan ezik: %5

Anboto 2007ko urr. 11a, 15:55

Zerga eta tasak 2008an, oro har, %1,5 igotzea: horixe da gaurko deitutako udalbatzarrera eroateko adostutako proposamena. Zaborraren gaineko tasa da salbuespena: %5 igotzea proposatu dute-eta; era berean, plusbalien gainekoa %5etik %3ra jeistea. Udalbatzarra 19:00etarako deitu dute.

Zerga eta tasak 2008an, oro har, %1,5 igotzea: horixe da gaurko deitutako udalbatzarrera eroateko adostutako proposamena. Zaborraren gaineko tasa da salbuespena: %5 igotzea proposatu dute-eta; era berean, plusbalien gainekoa %5etik %3ra jeistea. Udalbatzarra 19:00etarako deitu dute.

Kontsumo Prezioaren Indizearen (KPI) azpitiko igoera orokorra da proposatutakoa, “Udalaren egoerak horrela baimentzen duelako, 2008ko erronkei aurre egiteko aukera ere emanez”. Halaxe arrazoitu du Niko Moreno alkateak. Batzordean, PSE-EE eta Elorrioko Herritarren Aukerakoekin bateratu dute proposamena.

Igoerarik ez egiteko aurretiazko aukera baztertu egin du Gobernu Taldeak, Morenok argitu duenez: “Udalaren gaitasun ekonomikoa jaitsiko litzake, eta, KPIa 3,5ean izango delakoan horren azpitiko igoera adostu da”. Zaborraren gaineko tasaren bitartez batutakoaren eta emandako zerbitzuaren kostuaren arteko “desfase itzela” arrazoituz, horretan, %10eko igoera aztertu du Gobernu Taldeak. Hala ere, azkenean, PSE-EEren proposamena batu eta %5 igotzea adostu dute. “Hala ere, eguneroko kontua dugu zaborrontziak beteta ikustea, eta Durangaldeko Mankomunitatetik emandako zerbitzuarekin ez gaude batere pozik. Beraz, zerbitzua hobetu dezaten eta desdoitzeei aurre egiteko presioa egingo dugu”, dio alkateak.

Bestalde, plusbalien gaineko zergarekin “denak emanda” daudela iritzita eta inguruko herrietako egoerari begiratuta erabaki dute zerga hori %3ra jeistea.

Hainbat gai sozial aztertzeko

Hala ere, oro har, gizarte arloko hainbat kontu “ukitu barik” geratu direla aitortzearekin batera, Morenok argitu du, 2008ari begira “lan sakonagoa” egin beharko dutela: “Denbora falta izan dugu eta gai asko ditugu aztertzeko; Gizarte Zerbitzuen planteamenduak aztertu gura ditugu”.
Arau fiskalak bateratzeko orduan udal taldeek izandako jarrera eskertu du herriko
alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!