Plangintza Orokorrerako Aholku Batzordearen akordio bi "ez legezko" jo ditu epaitegiak

Anboto 2007ko eka. 15a, 12:10

Elorrioko Hiri Ordenazioko Udal Plangintza Orokorraren behin behineko onarpenarekin eta Pulla-Azkarreta ingururako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren hasierako onarpenarekin lotuta Udal Planeamendurako Aholku Batzordearen akordioen kautelazko etena agindu du Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 4.zk. Epaitegiak. Halaxe eman du jakitera Elorrioko Biztanleen Koordinadorak.

Elorrioko Hiri Ordenazioko Udal Plangintza Orokorraren behin behineko onarpenarekin eta Pulla-Azkarreta ingururako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren hasierako onarpenarekin lotuta Udal Planeamendurako Aholku Batzordearen akordioen kautelazko etena agindu du Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 4.zk. Epaitegiak. Halaxe eman du jakitera Elorrioko Biztanleen Koordinadorak.

Diktamen biok “desegokiak” izan direla aitortu du epaileak , azaldu dutenez: “ Diktamen biok ez dute derrigortzen aldaketa egitera, hala ere, premiazkoak dira Hiri Ordenazioko Udal Plangintza Orokorra onartzeko. Alboko kaltea da hori; izan ere, epaiak dio akordio biok ez direla legezkoak”. Jarraitutako prozeduragatik sartu dute helegitea Udalaren kontra.

Koordinadorak joan zen azaroan osatu zen Aholku Batzordea “legeak dioen lez ez dela eratu” salatuz sartu izan du helegitea epaitegian, beraz hartutako akordioak ere ez direla legearen barruan hartu. Eta arrazoia eman die auzitegiak. Ondorioz, kautelazko etena agindu da. Horren barri emateko egindako agerraldian, bestalde, osatuko den udalbatzar berriari “akatsok konpontzea” eskatu die: Aholku Batzorde berria sortzea, Hiri Ordenazioko Udal Plangintza Orokorraren behin behineko eta Pulla-Azkarreta ingururako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren hasierako onarpenak geratzea; hori ezeztatzea. Aholku Batzordearen osaketarekin lotuta ere helegitea dute sartuta epaiteagian azaldu dutenez.

Salatu dutenez, plangintza orokorra “ahal den moduan onartzea” gura izan da eta, aldi berean, Pulla-Azkarreta ingururako arau subsidiarioen aldaketa puntuala. Koordinadorak, baina, “adostutako” plangintza orokor berri bat egitea gura du. Horretarako, esan duten moduan, plangintza orokorra udaletxera bueltatu dadin efektu erreforma eskatu da.

Hainbat urte desadostasunak sortu zirenetik

Hiri Ordenazioko Udal Plangintza Orokorrarekin eta Pulla-Azkarreta ingururako arau subsidiarioen aldaketa puntualarekin sortutako desadostasunak 2002an sortu ziren, gogoratu dutenez. Nabarmendu dutenez, “Lurraldearen Arloko Planean estrategi balio handidun lur moduan aitortutako nekazaritzak lurrak industria lur moduan birkalifikatu gura izan dituzte, 24 hektareako industrigunea sortzeko”. Lurraldearen Arloko Planean lurrak nekazaritzarako erabilera bakarrik izan dezaketela esaten dela nabarmendu du Koordinadorak: “Babes berezia dute, erabilera mugatuz. Gainera, Udal erabakien gainetik dago hori, are gehiago nekazaritza zein egoeratan dagoen ikusita. Goi mailako planeamendu da hori”. Nahiz eta, argitu duten, “behin behineko onarpena duen planeamendu horrek, hainbat interesekin lotuta nekazaritza lurrak babes gabe utzi gura direlako”.

Industriaren aurka ez daudela nabarmendu du Koordinadorak, “duen dimentsioaren eta kokapenaren aurka” baizik. Gauzak “oso azkar” egin gura izan direla diote: “Zer presa egon da edo dago sei hilean horrelako plangintza bat onartzeko?”, diote.

Sprilurrek bultzatuta egin gura da industrigunea Pulla-Azkarreta inguruan eta hainbat pauso eman izan ditu horretarako, orain, horrek zer egingo duen “zain egotea” baino ez dagoela aitortu dute Koordinadorakoek. Udal aldaketa dela-eta, berriz, “plangintza orokorra berriro udaletxera etortzeko eta berriro egiteko aukera argiagoak” daudela diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!