Iturri kultur etxeak astelehenean hasiko du bere jarduna

Anboto 2007ko api. 19a, 13:52

Iturri kultur etxea inauguratuko dute, bihar, eta astelehenean hasiko du jarduera. Guztira 3.000 metro koadro batzen dituen azpiegitura 09:30etik 22:00etara izango da zabalik.

Iturri kultur etxea inauguratuko dute, bihar, eta astelehenean hasiko du jarduera. Guztira 3.000 metro koadro batzen dituen azpiegitura 09:30etik 22:00etara izango da zabalik.

Elkarteak gonbidatu dituzte, Jaurlaritza eta Bizkaiko Diputazioa ez eze, eta Belen Greaves Kultura diputatuak eta Ricardo Bilbao Kultura Zuzendariak onartuz gonbita. Agintariei harrera egingo zaie udaletxean 11.00etan eta Elorrioko 650. urteurren eskulturaren inaugurazioa egingo dute 11:15ean, Iturri kultur etxearen ateen irekiera, berriz, 11:30ean izango da. Besteren artean, ohorezko aurreskua dantzatuko da eta azpiegitura bera bisitatuko dute hurreratutakoek. Bestalde, 16:00etan, herritarrentzako irekiko da Iturri.

Herriko hainbat elkartek, hala ere , ez dute goizerako eratutako inaugurazio ekitaldi horretan parte hartuko. Are gehiago, Iturri elkargunea batzen duten 22 elkartek kultur azpiegitura berria ez dutela erabiliko eman dute jakitera, “gogor gaitzetsiz” bertarako “inposatutako” araudia. Prentsa agerraldia ere deitu dute Kirol Etxean, 12:15ean, bihar.

Kultur etxe berrirako lanak 2005eko urtarrilean hasi ziren, 2,9 milioi euroko inbertsioa eskatuz (Jaurlaritzatik eta Bizkaiko Diputaziotik, osotara,1.089.000 euro inguruko diru-laguntza izan dute), eta, azken urtean kudeaketa zehaztu dute, Agustin Asua alkatearen berbetan. Udalaren esku geratuko da eta kultur teknikaria eta liburuzaina eta horren laguntzailea kontratatu dituzte (atezaina be hartuko da). Iturri elkargunea gestio zuzen horren aurka agertu izan da eta baita barne-araudiaren kontra ere.
Kontseilu Sektorialean parte hartzeari ere uko egin die eta hor amaitu zen Udalarekiko hartu-emana, Asuaren berbetan: “Proposamen berriak edo txarto egin daitezkeenak azaltzeko lekua da. Alderdi bakoitzeko zinegotzi banak eta elkarteen ordezkari lez lau bokalek osatutakoa”. Gaineratu duenez, “gu geu zabalik gaude euren proposamenak han azaltzera etorri daitezen. Araudia zabalik dago, gainera, egoki jotzen dena bideratzeko edo moldatzeko”.
Alkatearen berbetan, kultur ekintzak antolatzeko lekua da Iturri eta lekua partekatzea positiboa da”.

Barne-araudia ere eztabaidagai


Barne-araudia “taldeen premiekin bat ez” datorrela dio Iturri elkarguneak, “zentzugabeko arauez beteta eta talde batzuen izaera baztertzen duelako”. Taldeen iritzia aintzat ez hartzea eta “jarrera diktatoriala” salatu dute, eta, kultur etxea ikusteko eskaria “hiru biderrez ukatu” diela ere bai: “Kultur etxe parte hartzaile eta anitza eskaini beharrean, zerbitzuak ordaindu behar diren eta enpresa pribatuek kudeatuko duten etxe instituzionala inposatu gura da”.

iturrielkargunea.jpgBarriketan (euskara elkartea), Kainabera, Esku Lana, Lilika (emakumeen taldea), Txantxibiri irratia, Intxorta (astialdi taldea), Besaide (dantza taldea), Elorrixa (ekologista taldea), Elorrixoko Gaztetxea, Filatelia, Iturri Zoro Elkartea, Argazki taldea, Arriola, Elorrioko Buzkantza (futbol kirol elkartea), Elorrio K. T., Erdella (mendizale taldea), Elorrixoko Nesken Futbol Taldea, Elorrio Rugby Taldea, Laguntza Txakurren Taldea, Larrano (parapente taldea), Zaldi Baltza (xake taldea) eta C. D. Elorrio.

Hainbat zerbitzu

Horren aurrean alkateak dioenez, “kultur etxea herriarena da eta herriak erabiltzeko egin da. Edozein kultur etxerako planteatutako baldintza orokorrak lotu dira”.
Azpiegitura berriak, liburutegi bi, erabilera anitzetarako 250 metro koadroko gela bi, erakusketa gela, dantzarako eta adierazpen artistikorako bana, astialdi taldearentzat gela eta aurkezpenetarako beste batzen ditu, Gaztelekua, KZgunea eta Udaleko artxiborako lekua ez eze.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!