Elorrioko etxebizitza-parkea %43,5 handitzeko arriskuaz ohartarazi dute

Anboto 2007ko api. 13a, 09:50

Hiri-ordenaziorako Plangintza Orokorrak etxebizitza-parkea %43,5 gehituko duela ohartarazi du Elorrioko Auzokide Elkarteen Koordinakundeak, eta eskaintza osoaren eztabaida zabaltzea eskatu dute: “7.200 biztanle inguru gara eta 4.500 gehiago izan gaitezke. Horri aurre egiteko zer azpiegitura, osasun eta zerbitzu -sare… behar den ez da aztertu”.

Hiri-ordenaziorako Plangintza Orokorrak etxebizitza-parkea %43,5 gehituko duela ohartarazi du Elorrioko Auzokide Elkarteen Koordinakundeak, eta eskaintza osoaren eztabaida zabaltzea eskatu dute: “7.200 biztanle inguru gara eta 4.500 gehiago izan gaitezke. Horri aurre egiteko zer azpiegitura, osasun eta zerbitzu -sare… behar den ez da aztertu”. Bestalde, babesekoen horrenbestekoa aztertzea ere gura dute.

Behin-behinean onartu du udalbatzarrak plangintza orokorra, eta, orain, Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu sailera bideratu dute. Azken horri gaiok “astiro” aztertzea eskatzen dio Auzokide Elkarteen Koordinakundeak. Baita plan barruko aldaketa lez onartutako Pulla-Azkarretako hirigintza planerako alternatiba aukerak aztertzea ere.

Horren guzti horren haritik, maiatza aurretik Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuarekin, Esther Larrañagarekin, batzartu gura du koordinakundeak. EHNE, CCOO, ELA eta LAB sindikatuekin batera joan gura dute. “Egitasmoak ingurumenean izango duen eragina aztertzea gura dugu, Sprilurrek aurkeztutako egitasmoa faltsututa dago-eta”. Hiri-ordenaziorako Plangintza Orokorra, “hain tamaina handikoa dena”, haien “arin” onartzea ez du ulertzen. Planteatutako eredua “lupaz” aztertzea eskatzen dute.

Koordinakundeak berretsi du jarraitu den prozesua “ez dela legala”, eta gogoratu dute administrazioarekiko auzietako prozesuan, Auzitegi Nagusian aztertzen ari direla Aholku Batzordearen araudia eta batzordearen beraren osaketa. EAJ-EA eta PSE-EEk egin dute plangintza orokorraren alde; EB-Berdeak eta PPk, aurka.

Iturrin sartzeari uko

Bestalde, apirilaren 20an inauguratu gura duten Iturri kultur etxean sartzeari uko egin die Iturri Elkargunea osatzen duten herriko 22 elkarteek. Gaztetxeko ordezkariek “lotsagarritzat” jo dute Udalaren jarrera, eta araudia “inposatu” egin dutela diote. Bestelako elkarteetako kideen berbetan ere, udal arduradunentzako “ordutegi eroso eta komenigarria” inposatu gura dute; elkarteentzako “kaltegarria” den ordutegia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!