Hiri-ordenaziorako plana eta Iturriko araudia hartuko dute, bihar, ahotan

Anboto 2007ko mar. 29a, 13:25

Hiri-ordenaziorako Plangintza Orokorrak 370 alegazio izan ditu, eta guztien ebazpena aztertzeko udalbatzarra deitu dute biharko. Era berean, Iturri kultur etxerako barne araudia izango dute gai ordeneko puntuen artean.

Hiri-ordenaziorako Plangintza Orokorrak 370 alegazio izan ditu, eta guztien ebazpena aztertzeko udalbatzarra deitu dute biharko. Era berean, Iturri kultur etxerako barne araudia izango dute gai ordeneko puntuen artean.

San Anton inguruarekin lotutako egitasmoari buruzkoak izan dira 200 inguru, eta beste hainbat akatsen zuzenketak. Agustin Asua alkateak azaldu duenez, “proposamen orokorrak” batzen dituzten alegazioak ere izan dira: “Hala ere, horiek ondo aztertu behar dira. Gainera, funtsezko aldaketa batek Hiri-ordenaziorako Plangintza Orokorraren hasierako onarpena berriro egitea eragin dezake. Asko atzeratuko litzake dena”.

San Eloy enpresak zabaldu egin gura du etorkizunari begira; Eroskik aparkaleku gehiago egin gura ditu; eta, Gazetan, araututako zabortegia eskatu dute. Besteak beste, horiekin lotutako aldaketak proposatu dira.
San Anton inguruko egitasmoari jarritako alegazioak atzera bota dituzte. Horren harira, Ibarguen Dorretxea “ez dagoela katalogatuta” dio Asuak: “Egingo den azterketa arkeologiko batekin lotuta dago , eta halaxe mantendu da”. Aholkularitza batzordea sortzeko prozedurarekin lotutako alegazioak ere aztertu dituzte.

Asuak nabarmendu du aholkularitza batzordera edo hirigintza batzorde informatibora “inor ez dela hurreratu. Hor berba egiteko eskaerarik ez du inork egin”. Dinonez, udalbatzarra erabakitzailea da, “baina, joko politiko baten dihardute hor”.

Apirilaren 20an inauguratuko duten Iturri kultur etxearen barne-araudia ere eroango dute udalbatzarrera, onartu dezaten. Kultur batzordean aurkeztu dute hori, Asuak azaldu duenez. “elkarteak gonbidatu ditugu bertara. Hala ere, ez dutela parte hartuko diote, zehaztutako irizpideekin ados ez daudelako, batzuk kanpoan geratzen direlako. Baina, bete beharreko ordutegia zehaztu da; eta ezinbestekoa da bertan egoteko, legeztatuta egotea ere”.

Hiri-ordenaziorako Plangintza Orokorrarekin eta Iturri kultur etxerako barne araudiarekin lotutako puntuetan hitz egiteko asmoa agertu dute Elorrioko Auzo Elkarteko kideek, ohar batez jakitera eman dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!