Joan zen urte amaieratik 2007ko urte hasierara arte batu dira kexa guztiak, alkateak argitu duenez, “batez ere, Amandorro-Angio eta Padura kaleetako herritarrak dira kexu; baina Julian Ariño eta Buzkantz kalean ere izan da kexarik”. Inguru horietan galdategi bi daudela gogoratu du udal arduradun nagusiak; Fytasa eta San Eloy fundizinoak, hain zuzen ere.

Belengua inguruan eta Nizeto Urkizun
Herriko alkateak jakitera eman duenez, ondoren, Nizeto Urkizu kalean eta Belengua baserriaren inguruan jarri gura dute unitate mugikor hori, airearen kutsadura maila neurtzeko. Inguru bakoitzean hilabete inguru mantenduko dute aitatutako unitate mugikorra.
Airearen kalitatea aztertzeko neurriei Eusko Jaurlaritzak eta Udalak egingo die aurre. Ildo horretan, alkateak azaldu gura izan du Udalak 10.000 euro dituela gordeta horri aurre egiteko. Jakitera eman duenez, Udaleko eta Jaurlaritzako ordezkariak batzartu izan dira Fytasa galdategiko arduradunekin: “Eragin nabarmenena horrexek izan dezakeela pentsatuta batzartu ginen, joan zen abenduan, bertoko ordezkariekin. Esan zigutena da, indarrean dagoen legedia bete egiten duela enpresak”.
Hala ere, herriko udal arduradunen ustez, “tramitazioak bost urterako egiten dira, eta epe luzeegia da hori”. Hala ere, batzar horretan, Fytasa galdategiko ordezkariek “enpresako azpiegiturak zelan hobetu ote daitezken aztertuko dutela” azaldu zien Udaletik zein Jaurlaritzatik joandako ordezkariei. Horixe da Asua alkateak jakitera eman gura izan duena.