Tirabira artean eta ateak itxita onartu dute hirigintza plangintzaren aldaketa

Anboto 2007ko mar. 1a, 16:07
Ateak itxita onartu dute Pulla-Azkarretako hirigintza plangintzaren aldaketa (San Anton ingurua). Herritargoari “iruzurra” egin zaio, bertaratutako Elorriko Auzokide Elkarteen Koordinakundearen ustez. Gaztetxekoak ere batu diren saioa hastean, alkateak berba egiteko aukerarik ez zela izango agertzean sortu dira tira-birak. Ertzaintzak babestuta irten dute zinegotziek, beste batzargela baten eta ateak itxita bilkura jarraitzeko.
Ateak itxita onartu dute Pulla-Azkarretako hirigintza plangintzaren aldaketa (San Anton ingurua). Herritargoari “iruzurra” egin zaio, bertaratutako Elorriko Auzokide Elkarteen Koordinakundearen ustez. Gaztetxekoak ere batu diren saioa hastean, alkateak berba egiteko aukerarik ez zela izango agertzean sortu dira tira-birak. Ertzaintzak babestuta irten dute zinegotziek, beste batzargela baten eta ateak itxita bilkura jarraitzeko. EAJ-EA koalizioak —EAko ordezkaria falta zela—, EAJk eta PSE-EEk egin dute alde. PP eta EB-Berdeak kontra agertu dira.

Industrigunearen alde dagoela azaldu du PPk, “baina, ez horrela”; eta, EB-Berdeek “herritarrei iritzia emateko eskubidea ukatu” zaiela gogoratuz, “denok arduratzen gintuena” onartu dela: “San Anton inguruan 24 hektareako nekazaritza lursaila urbanizagarri bihurtuko da. Sprilurren proposamena aberrantea da. Gainera, hasieran onartutako Hiri-Ordenazio Plan Orokorrean ere batzen delarik, ulertezina da aldaketarako hainbesteko presa”. Aurkeztuko duten alegazio alternatiboa ere aurreratu dute: erdia egoitza-garapenera bideratzea eta beste erdia industriara (gutxi kutsatzen duten enpresei). Alegazioei erantzunda, behin-behineko onarpena letorke, Lurralde Antolamendu Batzordera bideratuta, Udalak behin betiko onartzeko.

Herritarren ezetza

“Mozorrotutako berrikuste-partzial osoa” egin da Auzokide Elkarteen Koordinakundearen berbetan; “paradoxikoki”, Hiri-Ordenazioko Plan orokorraren berrikustearekin tramitatuz. “Garapen eredu horren eragin itzelaz gainera, presuntzio arkeologikodun dorretxea bota gura dute, erreka bi daude eta kaltetutako 300 auzokidetik gora”. Prozedurak “erantzun gabeko” 250 alegazio izan dituela gogoratu dute (beste 100 jende aurreko erakusketa epea zabaltzeko eskatuz), lursailaren berkalifikazioaren aurka 1.500 sinadura batu direla eta Plan Orokorrerako Aholku Batzordearen sorrera ez dela legala, “informazio publikorako epea ez delako bete”.

PSE-EEren iritzia da aurrera egin beharra dagoela, eta, nahikoa informazio dagoela; EAJrentzat, berriz, “aurre egin gura duen herriaren etorkizunerako ikuspegia planteatzen da”. Industria-sarea zabaltzeko aukera emango duela diote eta “herriko gazteentzako gura genituzkeen 1.050 lanpostu”, ingurumen araudi guztia betetzen duela ez eze.

Herriko alkate Agustin Asuak be “oso garrantzitsutzat” jo du egitasmoa: “Aldaketa egitasmo hori aurreratzeko modua baino ez da. On orokorra banakoaren gainetik dago, baina gaia helburu politikoetarako erabiltzen dihardute”.

Ezker Abertzalearen ustez, prozedura osoa “inposatu” egin dute: “Herritarren parte-hartzerako aukera itxurakeria izan da. Erabakia hartuta zegoen. Herria hankaz gora ipini gura dute, herritarren iritzia kontuan hartu gabe”.


Iturrirako araudi “inposatua”


Ez dugu udaletxearen inposaketarik onartuko zioten kartelekin hurreratu dira osoko bilkurara Elorrioko Gaztetxeko hainbat ordezkari. Azaldu dutenez, Iturri kultur etxerako araudiari “inposatua” deritze: “Herriko elkarteoi berba bai, baina botorik ematen ez dion Kultur Kontseiluan aurkeztu digute araudia, baina, ezelan ere ez da onartu orain arteko funtzionamendua. Inposatutako araudia da eta ez dugu onartuko”. Udalak jarraitutako prozedura salatu gura izan dute Gaztetxekoek, diotenez, “ez da-eta ezer egin herriko elkarte eta taldeoi begira. Beste herriren bateko araudia hartu eta hori kopiatu baino ez da egin”. Adierazi dutenez, Kultur Kontseilu horretan iragarri du Udalak martxoaren 30ean inauguratu gura dutela Iturri kultur etxea. Azaldu dutenez, Iturri Elkarguneak — Gaztetxea ere berton dago— mobilizazioak hasiko ditu.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!