Asteburuan txarriboda egiteko gonbita luzatu dute

Anboto 2007ko mar. 1a, 16:05
San Martin egunean hasi eta neguak iraun bitartean txarriboda sasoia dugu Euskal Herrian. Oraindino ere, eta hotzak lagunduta, badago horretarako aukerarik. Elorrioko Portalekua tabernakoek, txarriboda egiteko gonbita luzatu die herritarrei, asteburuan.
San Martin egunean hasi eta neguak iraun bitartean txarriboda sasoia dugu Euskal Herrian. Oraindino ere, eta hotzak lagunduta, badago horretarako aukerarik. Elorrioko Portalekua tabernakoek, txarriboda egiteko gonbita luzatu die herritarrei, asteburuan.

Txerria hiltzea Ibarluze baserrian egingo da, gaur, eta bertaratzeko hitzordua 15:30ean jarri dute Portalekuan.  Arratsaldean, bestalde, odolosteak egingo dituzte, tabernan bertan; 17:00etan hasiko dira lan horretan, antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Bertso afaria Alkartun

Bihar egindakoa dastatzeko eguna izango da. Bezperako odolosteak eta gibela dastatzeko aukera izango dute, 13:00etatik aurrera, Portalekura hurreratutakoek. Iluntze aldera, berriz, herriko kaleetan trikitilari eta bertsolariek girotutako poteoa egingo dute; hitzordua 20:00etan jarri dute. Gauerako, berriz, bertso afaria gertatu dute Alkartu elkartean. Xabier Silveirak (Nafarroako Txapelduna) eta Xabier Paiak (Bizkaiko Txapelduna) parte hartuko dute, 21:30ean hasiko den bertso afarian. Izena emateko, berriz, Portalekura hurreratu daiteke.

Txarribodarekin lotutako azken hitzordua domekan jarri dute antolatzaileek: 09:00etan izango da, txorizoak egiteko, Portalekua tabernan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!