Jazzak eta Bluesak girotutako gauak Elorrion

Anboto 2006ko aza. 10a, 18:58

Elorrioko hiru aretotan izango da, azaroaren bigarren hamabostaldian –16an hasita–, blues eta jazz doinu eta erritmoak gozatzeko aukera: Ateneoan, Portalekuan eta Parran izango diren zazpi kontzertutan.

Elorrioko hiru aretotan izango da, azaroaren bigarren hamabostaldian –6an hasita–, blues eta jazz doinu eta erritmoak gozatzeko aukera: Ateneoan, Portalekuan eta Parran izango diren zazpi kontzertutan; zazpi gautan.

Aurreko hamazazpi urteetako lan berean darraite Arriolako Jazz-Blues jaialdiaren antolatzaileek: Durangaldera, gure eskualdera, jazz eta blues piano, bateria, tronpeta, gitarra, baxu, saxo eta ahots desberdinen zale direnei aukera horixe helarazteko. Hain justu, horixe esan digute antolatzaileek: hamazazpi urteotan Arriolako jaialdi honetara hurbildu izan diren entzuleak blues musikaren zaleak izan direla gehienbat; nahikoa entzule talde zehatz eta fidela dutela.

Zaleek, gainera –eta baita profesional eta hasi berriek ere–, bluesaren teknikak ezagutzeko ikastaroa izango dute azaroaren 14, 15 eta 16ko iluntzeetan. Gitarra blues eran jotzen ikasi nahi duenarentzako Arriola Antzokian bertan izango da hitzordua. Bluesaren historia, teknika, estilo desberdinak, eta abar izango dira Francisco Simon irakaslearen gidaritzapean. Hori bai, esan digutenez, ikasle kopurua mugatua da: 15 lagunentzako lekua dago, eta 13k eman dute izena dagoeneko; musikari elorriar eta durangarrak dira, oraingoz. Parte hartu nahi luketenei gomendioa, beraz: ahalik eta bizkorren Arriolara hurreratu eta izena ematea. Esandako moduan, azaroko hiru iluntzetan izango da gitarra ikastaro hau.

Gauetan, blues eta jazz estiloen aniztasuna isladatzea da helburua, bluesa eta jazza jotzeko modu desberdinen agertokia izatea Elorrio.

Eskaintza zabal horixe lortzeko, udan, Getxo, Gasteiz eta Donostian arrakasta izan duten taldeak gerturatzen dizkigute eskualdera, hiriburuetakoen artean aukeraketa eginda. Beste batzuen artean, esaterako, hamazazpigarren edizio honetan izango dugun talde alemaniarra: Getxoko uda honetako jaiadian irabazle suertatutakoa; Magnus Mehl Quintet izenekoa. Alemaniar hauen jazz indartsu eta freskoa azaroaren 17an izango da Elorrion; Ateneoan, zehazkiago esanda.

Egun bat lehenago, azaroaren 16an, Euskal Herriko jazz klasikoaren eta flamenkoaren uztartzea eskainiko du Jerónimo Martín Trio hirukoteak. Carvin Jones gitarra-jole handiaren eta Estatu Batuetako blues garaikidearen emanaldia, Travelling Brothers, Mikel Andueza Cuarteto, Papa George Band eta Canal Blues ere etorriko dira, ondoren.

Eta bitartean, hau da, azaroaren 16tik 26ra, Jose Manuel Hornaren argazki erakusketa izango da ikusgai, Arriolan eta Parra tabernan.

Eszenatoki handi eta klub txikiak, argitasun eta iluntasunak, aurpegikera eta mugimenduak. Belarrietarako ezezik, begietarako ere jazzik badelako Arriolako Jazz-Blues jaialdian. Doinu eta irudiak azaroko jazzaren eta bluesaren zazpi egunetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!