EB-Berdeak: "eskumako politika lantzeko ituna da"

Anboto 2006ko urr. 29a, 10:39

Zerga eta tasak % 4 igoko dira, oro har, 2007an, EAJ-EA eta EAJren botoekin udalbatzarrak onartu dutenez. Kontra egin dute, EB-Berdeak, PSE-EE eta PPk. “Eskumako politikaren aldeko akordu berria” sortu dute EB-Berdeak taldearen berbetan:“erabakiorra izan da gure botoa urteotan. Orain, itun berria sortu da eskumako politika kontserbadorea jarraitzeko”.

EB-Berdeaken ustez, urteotako "joera" apurtu dute, sistema "negatibo" eta "bidegabekoaren" alde; "sektore konkretuen mesedetan". Gaineratu dutenez, "zerga eta tasok ez dira ez justuak ez aurrerakoiak. Orain arte, justizia irizpideak erabili izan dira, eta Kontsumo Indizearen Prezioa (KPI) beste edo gutxiago igo dira zerga eta tasak; sozialki justua zenean salbuespenak egin arren". Herritarrei KPIa igotzeari "logikoa"deritze, "beste tasa batzuen gutxiagotzeaz konpentsatuz", eta nabarmendu dute, desberdin dela herritarren zabor-batzea edo 100 behargin dituen enpresarena.

PSE-EEk ere kontra egin du, Bizkaian KPIaren igoera % 3,08koa dela nabarmenduz eta "koherentzia" arrazoituz. EB-Berdeak taldearekin bat eginik, oraingoan ez dela "ahulenen alde egin" azaldu du. KPIa gogoratu du PPk be, %4ko igoera "larregizkoa" joaz. EAJk, bere aldetik, azaldu du diru-artekaritzaren proposamena izan dela %4ko igoera, eta, iaz, KPIaren azpitikoa izan zela: "KPIa non dagoen badakigu, baina, ez nondik ibiliko den".

Horren haritik, EAJ-EAk argitu gura izan du ez dela joerarik apurtu, eta iaz KPIa baino puntu bi gutxiago igo zirela zerga eta tasak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!