Euskararen erabilera sustatzeko erronka kolektiboa prestatu du Durangoko Udalak

E.H.

Erronka herritarrek konpromiso zehatzak hartzean datza. Hiru maila prestatu dituzte horretarako: 'Integratu', 'lehenetsi' eta 'normalizatu'. 

Euskararen Egunaren harira, Durangoko Udalak Egin apustu euskararen alde! egitasmoa ipini du martxan. Egitasmoa hizkuntzaren erabilera handitzeko tresna modura aurkeztu dute, eta herritar guztiei begirako erronka bateratua prestatu dute horretarako. Hiru konpromiso-maila definitu dituzte: Integratu mailak euskara eguneroko momentu txikietan txertatzea proposatzen du; Lehenetsi mailak euskarari lehentasuna ematea eta lehen aukera bihurtzea du helburu; eta Normalizatu mailak, berriz, euskara naturaltasunez eta ohiko hizkuntza gisa erabiltzea sustatzen du.

Durangoko Udalak inprimaki bat prestatu du erronkarako, eta parte hartzaileek betan aukeratu ditzakete konpromiso zehatzak. Halaber, gura duenak hartutako konpromisoak ezagutarazi ditzake Euskararen Telefonora 30 segundoko audioa bidalita (630474332). Era berean, euskara@durango.eus helbide elektronikoa ipini dute herritarren eskura. "Familiako elkarrizketa bat, denda batera sartzean egindako agurra, lagun bati bidalitako mezua edo haur eta gazteekin partekatutako jarduera bat aukera egokiak izan daitezke euskararen presentzia indartzeko", esan du  udalak, eta gaineratu du "aisialdiak, kulturak eta sare sozialek ere euskara modu naturalean erabiltzeko aukerak"eskaintzen dituztela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!