2022tik hona, euskara "ez atzera ez aurrera" dabil Durangoko jaietan, Berbaroren esanetan

Joseba Derteano

Berbaro Elkarteak urte birik behin egiten du ikerketa.

Berbaro Elkarteak Durangoko San Fausto jaietan antolatu diren ekintzen hizkuntza azterketa egin du aurten. 2019tik hona urte birik behin egiten duen ikerketa da. Jaietan programatutako jardueren %87 inguru neurtu eta 126 jarduera kontuan hartu ditu txostena osatzeko. 

Datu orokorra kontuan hartuta, 2024tik hona euskara hutsean egindako jarduera kopurua %5,4 hazi da, baina gaztelaniazkoak oraindino gehiago egin du gora: %7,7. "Aurtengo datuak 2024koen antzekoak dira, baina gaztelaniak euskarak baino leku gehitxoago irabazi duela esan daiteke", baloratu du Berbarok.

Denbora tarte zabalago bati erreparatuta, 2019tik 2026ra, Berbaroren ustez euskara "ez atzera, ez aurrera" dabil 2022tik hona. Izan ere, 2019tik 2022ra euskarazko eskaintza %35etik %53ra igo zen, baina ordutik gorabeherak izan ditu, eta aurten %48an geratu da. Gaztelania hutsezko eskaintzak, ostera, 2022tik 2024ra galdutako portzentaje bera berreskuratu du 2026an, eta %32an dago.

Jai Batzordearen datuak
Jaietako egitaraua batzorde biren artean antolatzen dute: Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak. Jai Batzordeari dagokionez, euskarazko ekintzak %6 igo dira, eta "oso positiboa da hori". Era berean, erdaraz egindakoak %11 igo dira eta Berbarok uste du hori "kezkatzekoa" dela. Berbaroren iritziz, berehala hartu daitezkeen neurri batzuk daude: "Batetik, euskaraz egindako ekintzak %50etik gora egon behar dira ezinbestean, eta, bestetik, gaztelania hutsean egindako gehienak ele bitan egin daitezke".

Datu bati "oso kezkagarria" deritzote. Aurtengo bost antzerkiak (hiru antzerki eta bakarrizketa bi) gaztelaniaz izan dira. "Diziplina oso bat gaztelania hutsean eskaintzea berehala aldatu beharrekoa da", adierazi du.

Umeentzako eskaintzan euskarak lekua irabazi du: %7 igo da, eta ele bitan eta gaztelania hutsez egindakoak 3 eta 4 puntu jaitsi dira, hurrenez hurren. Hala ere, Berbarok uste du umeen "eskaintza guztia euskaraz" egin beharko litzatekeela, eta, horrenbestez, "balorazioa ez da guztiz positiboa". Umeen artean euskararen presentzia handitzeko, ekintza aurrera eramateko kontratatuko den enpresari "euskarazko begiraleak ipini ditzaten exijitzea" proposatu dute.

Txosna batzordearen datuak

Txosna Batzordeak antolaturiko jardueretan ere antzeko joera gertatu da: euskara hutsean egindako jarduerak %2 igo dira, eta erdara hutsean egindakoak %3.  "Txosna Batzordeak ekarpen handia egiten jarraitzen du Durangoko jaiak euskalduntzeko, baina atzerapausoak gertatzeko arriskua ere badagoela uste dugu", baloratu dute. Esaterako, txosnetako musika eskaintzan euskarak "geroago eta presentzia txikiagoa" du. Hain zuzen ere, % 33 izan da euskaraz, eta % 39 ele bitan. Egindako neurketa guztietako urteen artean, "euskarak aurten izan du presentziarik txikiena Txosna Batzordearen musika eskaintzan".

Hala ere, txosnagunean antolatu diren umeentzako jarduerak edo beste ekitaldi eta lehiaketa guztiak euskaraz izan dira %100.

Jaietako beste gune bat barrakak dira. Barraken neurketa egiteko, egun bakoitza jarduera bakar legez zenbatu dute. Hori horrela, barraken arloan zazpi jarduera zenbatu dituzte eta emaitza argia da: denak gaztelaniaz izan dira. "Hizkuntzari dagokionez, uste dugu baldintza zehatzak ipini behar direla barrakak ipini ahal izateko, batez ere musikaren hizkuntzari dagokionez. Beste herri batzuetan egiten den moduan, barraketako musika zein izan behar den udalak ezartzea oso eraginkorra izango litzateke", gaineratu dute. 

Azkenik, Berbaro prest agertu da jaien antolakuntzan murgiltzen diren batzorde, elkarte eta taldeekin elkarlana egin eta behar duten laguntza emateko.

 

800

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!