Udal eta foru hauteskundeak 2027

Ima Garrastatxu izango da Durangoko EH Bilduren alkategaia

E.H.

Garrastatxuren iritziz, Durangok "norabide berri bat" behar du, udalerriak azken urteetan "atzera" egin duela eta "bete bako promesak eta egiteko modu zaharkituak" nagusitu direla iritzita.

Eskualdeko joko-zelai politikoak mugimendu berri bat izan du gaur: Ima Garrastatxuk lideratuko du Durangoko EH Bilduren hautagaitza zerrenda, 2027ko udal hauteskundeetan, koalizio subiranistak jakinarazi duenez. 

EH Bilduren berbetan, Durangok "norabide berri bat" behar du, udalerriak azken urteetan "atzera" egin duela eta "bete bako promesak eta egiteko modu zaharkituak" nagusitu direla iritzita. Ildo horretan, subiranistek "etorkizuneko Durango" eraikitzeko programa landu gura dute, "etxebizitza eskubidea, kalitatezko osasungintza eta krisialdi klimatikoari aurre egiteko proiektuak" ardatz izango dituena. 

Garrastatxu udalerriko alkate izan zen 2019-2023 legealdian, eta "prest" agertu da atzera ere Durangoko Udaleko lemazain izateko. Bere agintaldian "udaletxeko ateak eta leihoak" zabaldu zituela esan du, eta gauzak "beste modu batera" egin zitezkeela "frogatu". Halaber, bere agintaldiko taldeak Antso Estegiz kalearen urbanizazioa, auzo-etxeak sortzea, bidegorria zabaltzea Aramotz auzoaren urbanizazioa eta tren geltoki zaharreko bost dorreei buruzko herri galdeketa bultzatu zituela gogorarazi du.

Gaur egun, Durangoko Udaleko zinegotzia izateaz gainera, legebiltzarkidea ere bada Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarrean. Informazio zientzietan lizentziatua, Bizkaiko Foru Aldundiko behargina da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!