Durangoko Maristak Ikastetxean erronka berezi batekin ekin diote ikasturte berriari: egunerokoan sortzen diren arazo txikiei irtenbideak bilatzea. Horretarako, kartulina bat, globo bat eta material gutxi batzuk baino ez dituzte izan eskura. Beraz, 32 talde parte-hartzaileek irudimena eta talde-lana baliatu behar izan dituzte arazoei irtenbide original eta burutsuak aurkitzeko. Ondoren, epaimahaiaren aurrean aurkeztu dituzte. Horrela, komunikatzeko eta euren produktua erakargarri egiteko gaitasunak ere landu dituzte.
Oinarrizko LHn 1. mekanizazioa taldea izan da irabazlea; Erdi Mailako Zikloan, 1. instalazioa elektriko eta automatizatua; Goi Mailako Zikloan, 1. Sare-Informatika Sistemen Administrazioa, eta Batxilergoan, 2. Batxilergo Zientifiko-teknologiko eta Humanistikoko A eredua.
Espezializazio berria
Maristetan nobedadeekin ekin diote ikasturte berriari. Zibersegurtasuneko espezializazioaz gain, aurten beste bat ere jarri dute martxan: Fabrikazio Adimenduneko espezializazioa. Robotika, elektronika eta automatizazioko ikasketak amaitu dituzten ikasleei zuzenduta dago, eta Lanbide Heziketako master baten antzeko prestakuntza eskaintzen du.