Herriaren Eskubidea: "Egunak daramatzagu Euskal Herri osoko aire kalitaterik txarrena arnasten"

E.H. 2026ko ekainaren 25a

Jorge Varela Herriaren Eskubidea taldeko bozeramailea, atzoko osoko bilkuran. DURANGOKO UDALA

Durangoko talde independenteak airearen kalitateari buruzko kezka eraman du osoko bilkurara. Eskari bat zuzendu diote gobernu taldeari: hark Eusko Jaurlaritzari 2018an onartu zituen protokoloak martxan ipini ditzala "exijitzea". 

Herriaren Eskubideak airearen kalitateagatiko kezka eraman zuen atzoko osoko bilkurara. Jorge Varela bozeramaileak adierazi zuen Durangok "egunak" daramatzala "Euskal Herri osoko aire kalitaterik txarrena" arnasten, "alde handiz, gainera". Bozeramaileak jakinarazi zuenez, herenegun, "kalitate oso txarreko eguratsa egon zela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak berak ere". "PM10 partikulen kontzentrazioak% 60 egin zuen gora, eta Munduko Osasun Erakundeak markaturiko mugaren gainetik kokatu zen. Erakunde horren arabera, partikula horiek arrisku esanguratsuak sor ditzakete osasun publikoan", azaldu zuen Varelak. (PM10 indizeak eguratseko partikula kontzentrazioari egiten dio erreferentzia. Hautsa, errautsa eta metal astuneko partikulak egon daitezke horien artean, besteak beste). 

Hori dela eta, talde independenteak eskari bat egin zion Durangoko gobernu taldeari: hark Eusko Jaurlaritzari 2018an onartu zituen protokoloak martxan ipini ditzala "exijitzea". "Protokolo haiek duela zortzi urte onartu ziren, baina ez dira martxan ipini. EAJri eta PSE-EEri eskatzen diegu auzia seriotasunez hartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan kutsaduraren eraginez urtero hiltzen diren 1.270 herritarrak aintzat hartzeko", adierazi zuen Varelak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!