[BIDEOA]: Elkarlanaren emaitza: Landako Eskolak kantu eta bideo propioak estreinatu ditu

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 23a

Abestiko errepikak 'Hazi, hezi, hegan egin' dio, eta horixe bera egin dute hezkuntza komunitate osoko kideek. Elkarlanagaz, ikastetxearen nortasuna eta balioak islatu dituzte. 

Azken hilabeteetako lan isilak fruitu polita eman du Landako ikastetxean: hezkuntza komunitateko kideek bideoklipa ondu dute. Elkarlanean egin dute gainera, ikasle, familia, irakasle zein herriko eragileak bat. Proiektuaren hazietako bat Amaia Trejok erein du, hain zuzen ere, ikastetxeko irakasle eta amak. Bera arduratu da abestiko letra egiteaz. Eta berbek doinua behar zutela eta, horretan lagundu du Maider Lopez ikastetxeko ama eta musika eskolako irakasleak. Kantuak Bartolome Ertzilla Musika Eskolako irakasleen eta ikasleen ekarpena ere izan du, bertako kideek ilusioz hartu dute-eta parte lanketan. Elkarlan horrek Berrizko Lorentzo Records estudioan izan du isla. Bertan grabatu dute dena, era profesionalean.

Eta behin abestia prestatuta, irudiak hartu dituzte. Ez irudi hutsak, ikastetxearen nortasuna eta hezkuntza islatzen dituztenak baino. Horregatik, ikasleak bihurtu dituzte bideoklipeko protagonista nagusi. Grabazioetan ikastetxeko eguneroko jarduerak, erabiltzen den metodologia, espazioak eta elkarbizitza deskribatu dituzte. "Komunitate osoaren inplikazioak eta elkarlanaren indarrak emaitza aberatsak eta iraunkorrak sortzeko gaitasuna dutela erakutsi dugu", adierazi dute ikastetxeko iturriek.

Amaitzeko, Landako Eskolak eskerrak eman dizkie bidelagun izan diren pertsona eta erakunde guztiei, "haien laguntzarik gabe amets hau ez litzatekeelako posible izango".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!