Durangoko EH Bilduk trantsizio ekosozialerako plana aurkeztu du udalerri "berdeagoa, freskoagoa eta garbiagoa" helburu. Egoera klimatikoa "txarrera" doala esan du koalizioak, eta "premiazkoa" iritzi dio neurriak hartzeari. Ima Garrastatxu bozeramaileak, adibidez, azkenaldiko bero-boladak eta etorkizuneko "sute zein uholde arriskuak" izan ditu ahotan, eta Durangok etorri daitekeenerako "prest" egon behar duela iritzi dio.
Alde horretatik, koalizioak "krisi ekologikoa arintzeko", udalerria "klima larrialdiaren ondorioetara egokitzeko" eta "trantsizioaren kultura" sustatzeko ardatzak definitu ditu, eta honako neurri zehatz hauek hartzea proposatu, besteak beste: batetik, herriko berdeguneen azalera handitzea, parkeak handitzea eta Sare Berdea sortzea, baita Larrinagatxura bideko zaborren transferentzia gunea ekoetxe bihurtzea ere. Bestetik, "gerizpez, iturriz eta umeentzako ur jokoz hornituriko parkeak egotea bermatu" gura dute, eta "alerta egunetan" Tabirako eta Landakoko igerilekuak "doan" zabaltzea. Azkenik, bidegorri sarea "hobetzea" eta "alokairuzko bizikleta zerbitzua martxan ipintzea" proposatu dute, baita "energia komunitate lokalak sustatzea" ere. Trantsizio ekosoziala gaurdanik hartu beharreko norabidea dela esan du EH Bilduk.
Koalizio subiranistak durangoehbildu.eus atarian eman ditu planaren xehetasun guztiak.
