Ekitaldian, Javier de Andres Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidentea, Amaia Fernandez Bizkaiko presidentea eta Carlos Garcia PPko zinegotzi durangarra egon dira, besteak beste. Baita Pedrosaren gertukoak eta Durangoko PPko zinegotzi ohi Juanjo Gastañazatorre ere.
Ekitaldia amaituta, politikariek adierazpenak egin dituzte. Carlos Garciaren esanetan, "azpimarratzekoa da beste urte batzuetan ez bezala, aurtengo oroimen ekitaldia Pedrosaren omenezko plakan" egin izana. "Plaka hori hemen egotea garrantzitsua delako, baita Durangoko terrorismoaren biktima guztien oroigarrizko plakak egotea ere. Harro nago, hau guztia garrantzitsua delako belaunaldi berrientzat, jakin dezaten zer gertatu zen lur honetan, nork ureztatu zituen, odolez, bidegabeki, hemengo lurrak, Jesús Mari Pedrosari eta Euskadi osoko beste hainbat pertsonari hainbesteko mina eraginda".
"Hau orainaldia da", esan du Javier de Andresek, "jazarpenak hor jarraitzen duelako, beldurrak hor jarraitzen duelako eta proiektu totalitarioa dutenek espazio publikoa etengabe okupatzen dutelako. Horrek askatasunez ezin berba egitea eta gizartea guztiz askea ez izatea dakar. Hori da Euskadin pairatzen duguna. Horregatik diot gaurko oroimen ekitaldi hau gaurkotasunez beterikoa dela", adierazi du.