Argiak amatatuko dira, oihala zabalduko da, eta San Agustin Kulturgunea helduen agertoki izatetik umeen erresuma izatera igaroko da une batez. Zapatu honetan, maiatzak 23, Landako ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek antzerki obra eskainiko dute, ikasturte osoko lanaren emaitza izango dena, eta eskolaz kanpoko antzerki tailerren emaitza izango dena. Eskolako iturriek adierazi dutenez, "entsegu, ilusio eta etengabeko lanaren ondoren" ailegatuko dira umeak oholtzara, Cristina Soto dinamizatzailearen eskutik. Bigarren zikloko ikasleek 12:30ean eskainiko dute saioa; lehenengo eta hirugarren ziklokoek, berriz, 17:00etan.
Landako Eskolak esan duenez, obra "antzerki-saio soil bat baino askoz gehiago" da, umeek "taldean lan egiten, segurtasunez adierazten, sormena lantzen eta herabetasuna gainditzen" ikasi dute-eta proiektu artistikoan. Ikastetxeko Gurasoen Elkarteak eskolaz kanpoko jarduera hori azpimarratu du, "ikasleei ikasgelatik kanpo ere hazteko eta komunikazio zein bizikidetza modu berriak ezagutzeko aukera ematen dietelako". Antzerkiak, kultura eta arte-tresna izateaz gainera "funtsezko balioak" sustatzen laguntzen duela esan dute.
Landako Eskolako komunitateak herritar guztiak animatu ditu zapatuan San Agustin Kulturgunera hurbiltzera, tokiko kultura bultzatzera, eta Landako Eskola Publikoko interprete gazteen ahalegina aitortzera. Sarrerak euro bian eskuratu ahalko dira antzokian bertan.