Durangaldeko EH Bilduk hainbat alegazio aurkeztu dio Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaibuseko aurreproiektuaren harira. Koalizio subiranistak adierazi duenez, "aurreproiektuak zenbait hobekuntza jasotzen baditu ere", hobetu daitezkeen "hainbat alderdi" daude. "Kalitatezko garraio publikoa" bermatzea "ezinbestekotzat" jo dute, "are gehiago tren zerbitzurik ez duten udalerrietan". Hori guztia dela eta, honako alegazio hauek aurkeztu dituztela jakinarazi dute subiranistek:
- A3911 linea (Bilbo-Ospitalea-Lemoa-Durango-Elorrio): ospitalerainoko bidaian geraleku kopurua murriztea edo ospitaleraino joango den linea zuzenago bat ezartzea. Horrez gain, linea hori asteburuetan ere mantentzea.
- A3923 linea (Bilbo-Durango-Elorrio): lanegunetan ere Muntsaratzeko geralekuan geratzea; Arrasaterako maiztasuna handitzea; ordutegia luzatzea; gaueko zerbitzua ezartzea (gutxienez bariku, zapatuan eta jaiegunetan).
- A3926 linea (Bilbo-Ermua-Eibar): Mallabiko herrigunetik pasatzea, Mallabarrenako geltokian geldituz, bidaia-denbora erdira murrizteko.
- A3512 linea (Bilbo-Lekeitio): Ereña auzoan geraleku bat jartzea eta bertako lur eremua aprobetxatuz aparkaleku disuasorio bat egiteko aukera aztertzea.
- A3933 linea (Bilbo - Durango): ordutegia luzatzea, bai Bilborako noranzkoan, bai Durangorako noranzkoan.
- A3924 linean (Ermua – Durango – EHU) eta A3926 linean (Bilbo – Ermua – Eibar) puntako orduetan errefortzuak jartzea, gaur egun erabiltzaile askok bidaia zutik egin behar izaten baitute.
- Maiztasunak: Elorriotik Bilbora 30 minuturo autobus zerbitzua egotea, eta Ermutik Bilbora 20 minuturokoa.
- A3923 linean (Bilbo-Durango-Elorrio) eta A3933 linean (Bilbo – Durango) Zabalburu eta La Casillako geralekuak mantentzea. Koalizioak "ulergarritzat" jo du Intermodalean geraleku bakarra ezartzea, baina "praktikan", "arazo handiak" sor daitezkeela uste du, "erabiltzailerik gehienek Zabalburun eta La Casillan hartzen eta uzten dutelako autobusa".
EH Bilduren berbetan, alegazioek "helburu argia" dute: "Durangaldeko herritarrek kalitatezkoa, eraginkorra eta benetan erabilgarria izango den garraio publiko sistema bat izatea. Horregatik, ez gara ari hobekuntza puntualez soilik, baizik eta eskualde baten etorkizuneko bizigarritasunaz, aukera berdintasunaz eta lurralde kohesioaz". Alegazioak etorkizuneko proiektuan kontuan hartzeko eskatu diote Foru Aldundiari.