Carlos García zinegotziak heriotza mehatxuak jaso dituela salatu du

E.H. 2026ko maiatzaren 22a

Carlos Garcia Durangoko udalbatza batean.

Durangoko zinegotzi popularrak salaketa ipini du Ertzaintzan. Durangoko EH Bilduk Garciak jasotako mehatxuak gaitzetsi ditu "onartezinak" direla iritzita. 

Durangoko Carlos Garcia zinegotzia (PP) Bilbon izan da gaur, Alderdi Popularreko beste hainbat kiderekin batera Ertzaintzarenean salaketa ipintzera joanda. Garciak heriotza mehatxuak jaso dituela salatu du, eta zehaztu du horiek X sare sozialean jaso dituela. Erabiltzaile batek honako hauek esan dizkio txio batean: "Penagarria da zu Pedrosaren eta Dámaso Sánchez Sotoren ondoan ez egotea. Zerbait txarto egin bagenuen, zu eurengana ez bidaltzea izan zen". (Jesus Mari Pedrosa eta Dámaso Sánchez ETAk hil zituen Durangon. 2000an lehenengoa eta 1980an bigarrena). "Nire kontra oldartu dira, oso mingarria den kontu batekin gainera. Nire kideek jasandako patua eskatu dute niretzat. Onartezina da hau guztia, nire heriotza eskatzeaz gainera hil zituzten herritar horien denen kontrako mehatxuak direlako", esan du Garcíak, berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera.

Era berean, berri agentziek jaso dutenez, Alderdi Popularrak EH Bildu kritikatu du mehatxuak gaitzetsi ez dituelakoan. Alabaina, Durangoko koalizio subiranistak adierazpen bat kaleratu berri du zinegotziaren aurkako esanak "gaitzesten" eta mezuak "onartezinak" direla esaten. Honako hau esan du koalizioak berbarik berba: "EH Bildu Durangok gaitzetsi egiten ditu Carlos García zinegotziaren aurka sare sozialen bidez zabaltzen ari diren mehatxu eta adierazpen onartezinak. Koalizioak adierazten du horrelako jokabideek ez dutela lekurik Durangon, eta bizikidetzaren, errespetuaren eta oinarrizko balio demokratikoen aurka doazela. EH Bilduk azpimarratzen du desadostasun politikoek ezin dutela inoiz mehatxu, larderia edo gorroto adierazpenik justifikatu". 

Durangoko EAJ-PNVk, PSE-EE, Herriaren Eskubideak eta PPk "gogor" gaitzetsi dituzte Garciak jasotako heriotza-mehatxuak. "Gertakari horiek gorroto- eta indarkeria-ekintza jasanezinak dira, eta ordezkari publiko baten segurtasunaren eta osotasunaren aurka egiteaz gain, gure gizartea sostengatzen duten balio demokratikoen aurka ere egiten dute. Durangoko Udalak elkartasuna eta babesa adierazten die eragindako zinegotziari eta terrorismoaren biktima guztiei", adierazi dute ohar batean.

Horrez gainera , oharrak jasotzen duenez, "Durangoko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du hasten diren prozedura guztietan". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!