Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazio nazionala antolatu du datorren ekainaren 13rako Iruñean, euskararen biziberritzean "pizkunde berri bat" eragiteko: Euskaltzaleon Martxa. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, "azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak", eta horri guztiari "euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat" ere batu zaiola azpimarratu dute. Hori horrela, Iruñeko manifestazioa indar erakustaldia izatea gura dute euskalgintzako eragileek.
Martxa arratsaldeko 17:00etan hasiko da hiru puntu desberdinetatik, hiru zutabe nagusitan banatuta: Antoniuttitik, Runako parketik eta Askatasun Enparantzatik. Lehenengo zutabeak lurralde guztietarako ofizialtasun osoa eskatuko du; bigarrenak, jauzi bat hizkuntza politiketan. Hirugarrenak eta azkenak euskaltzaletasunaren eta antolakuntzaren garrantzia azpimarratuko ditu. Hiru zutabeek Gazteluko Plazan bat egingo dute. Bertan amaituko dira martxak, ekitaldi politikoagaz.
Durangoko euskaltzaleen aktibazioa, ezinbesteko
Durangoko euskalgintzak (ANBOTOk, AEKk, Berbarok, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek eta Euskal Herrian Euskarazek) autobusa antolatu dute Durangotik Iruñera joateko. Izen-emateak honako lotura honetan egin daitezke. Autobusak 14:30ean irtengo du Madalenatik. Itzulerako ordua ere zehaztu dute: bueltako autobusa 19:30ean irtengo da hiriburutik.