AEKren Mintzodromoa Ezkurdiko frontoian, "euskara gehien egingo den eguna" helburu

E.H. 2026ko maiatzaren 13a

Egitasmoa "Korrikaren 12. eguna" modura izendatu dute. Hilaren 21ean izango da.

24. Korrika Bilbon amaitu zenetik hainbat aste igaro diren arren, AEKk manifestazio erraldoiaren "hamabigarren eguna" prestatu du, hau da, Atharratze eta Bilbo hamaika egunean lotu eta biharamunekoa: "Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Hortik datorkio izena egitasmoari", azaldu du AEKk. Hori horrela, euskaltegien sareak mintzodromoak antolatu ditu Euskal Herriko 65 herritan, eta Durangon egingo du euretariko bat. Maiatzaren 21ean izango da, Ezkurdiko frontoian, 11:00etan. 

AEKren berbetan, "oraindik ere euskara praktikatzeko eta euskaraz bizitzeko espazioak behar dira", eta mintzodromoek beharrizan horri erantzungo diote. Informazio gehiago gura duenak eta Durangoko jardunaldian parte hartu gura duenak www.korrika.eus/etaizangogara atarian eman ahalko du izena, baita AEKren euskaltegietan ere. Halaber, AEKk gogorarazi du apirilaren 22an ordubeteko eskolak eskaini zituela doan, hasiera-mailako ikasleentzat edo oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat, hizkuntzarekin lehen hartu-emana izan dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!