Durangoko EH Bilduk berbaldi ziklo bat antolatu du maiatzean zehar, Osasun Sistema Publikoaren orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzeko. Zikloak Gure begirada osasungintzari du izenburu, eta koalizioak azaldu duenez, saioek "Osakidetzaren azterketatik harago" joatea dute helburu. "Ikuspegi holistikoa" eskaini gura dute, "osasuna auzoetan eta justizia sozialean oinarrituta" egon dadin
Zikloak hiru saio izango ditu, eta euskaraz eskainiko dituzte. Halaber, itzulpen zerbitzua egongo dela iragarri du koalizioak. Honako hauek dira hitzorduak:
-
Maiatzak 13 (18:30) – EH Bilduren lokalean (Askatasun Etorbidea): Euskal osasun sistemaren azterketa orokorra egingo dute, eta koalizioak bere proposamenak aurkeztuko ditu.
-
Maiatzak 21 (19:00) – Otamotzeneko Gizarte Etxean: Hainbat udalerrietan martxan ipinitako osasun komunitario eta ongizate kolektiboko esperientziak partekatuko dituzte.
-
Maiatzak 28 (18:30) – Kurutzesantun: Osasun mentalari buruzko saioa izango da. "Gizartean geroago eta garrantzi handiagoa" duela iritzi diote subiranistek.
EH Bilduk Durangoko eta eskualdeko herritar guztiak gonbidatu ditu saioetan parte hartzera eta "osasuna eztabaida publikoaren erdigunean jartzera eta kezkak zein proposamenak elkarbanatzera".